→Basauri

Haurren babesaren eta gizarte-inklusioaren arloan 561 herritar artatu zituzten iaz Basaurin

basauri herritarrentzako arreta zerbitzua 2018 udaletxea

196 emakume, 144 gizon eta 221 adingabe artatu zituzten iaz Basauriko Udalaren Gizarte eta Hezkuntza Interbentzioko eta Arreta Psikosozialeko zerbitzuek.

artatutako herritarren artean igo egin dira osasun mentaleko arazoak // Basauriko Udala

Basauriko Udalaren Gizarte eta Hezkuntza Interbentzioko eta Arreta Psikosozialeko zerbitzuek 561 herritar artatu zituzten iaz haurren babesaren eta gizarte-inklusioaren arloan: gizarte eta hezkuntzaren arloko interbentzioetan 336 herritar, eta eta Arreta Psikosozialeko Zerbitzuan 225 herritar. “Bi zerbitzu horien hartzaileen artean babesgabetasun-arriskuan dauden haurrak edo nerabeak dituzten familiak ditugu, bai eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonak ere”, dio Maria Larrinaga Gizarte Politikaren arloko zinegotziak.

Aholkularitza, orientazio edo interbentzio psikosoziala bezalako arreta ematen dute bi zerbitzuek, “artatutako familien edo pertsonen beharren arabera”. “Interbentzio bat abian jar daiteke gizarte-langile batek hala eskatzen duenean, bai balorazio psikosoziala edo gizarte eta hezkuntzaren arlokoa egin ondoren, bai teknikari horrek hasierako ikerketa bat egin ondoren. Jardueraren hasieran, interbentzio-proiektu bat egiten da familiarekin batera, eta hor, lortu beharreko helburuak zehazten dira”, zehaztu du Larrinagak.

Datuak datu, gizarte eta hezkuntzaren arloko interbentzioetan 113 emakume, 86 gizon eta 137 adingabe (86 mutil eta 51 neska) artatu zituzten. Iaz landu zituzten espedienteen % 92,55a haur-babesaren arlokoak izan ziren, eta % 7,44a gizarte-inklusioaren arlokoak. Zerbitzuan hartutako 94 familien artean, % 48 bi gurasotakoak ziren, eta familia bananduak edo dibortziatuak, ostera, % 25,53 izan ziren.

Familiako bizikidetza hobetzeko eta familiako kideen arreta eta zaintza areagotzeko xedea duten jarduerak egiten ditu gizarte eta hezkuntzaren arloko interbentzio-taldeak, baita haur-babesgabetasun arriskuan eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonen autonomia ahalbidetzeko xedea duten jarduerak ere. Horretarako hainbat ekimen egiten dituzte, hala nola, elkarrizketak etxebizitzan, bulegoan eta leku irekietan, baita interbentzioak teknologia berrien bidez ere. Halaber, bitartekaritza eta taldeko dinamiketan parte-hartzeko jarduerak antolatzen dituzte. “Taldearen oinarrizko lan-lerroetako bat interbentzioetan gizonen presentzia areagotzean datza, haurren hazkuntza partekatua eta guraso bien erantzukizuna sustatzeko asmoz, eta pixkana fruituak ematen ari da”, dio Larrinagak.

Bestetik, Arreta Psikosozialeko Zerbitzuan 70 espediente landu zituzten: 64 babesgabetasun-egoeran zeuden adingabeenak eta 6 bazterkeria-arriskuan zeuden pertsonenak. Zerbitzuan artatu ziren pertsonen artean, 58 gizonak ziren, eta 83 emakumeak. “Horrek erakusten digu zerbitzu honetan, Gizarte eta Hezkuntza Interbentziokoan bezalaxe, pixkanaka murrizten ari dela artatzen diren gizonen eta emakumeen arteko aldea, eta hori izan da, hain zuzen, azken urteetako helburuetako bat, lehen arrakala askoz ere handiagoa baitzen. Adingabeei erreparatuta, 84 artatu ziren”, zehaztu du Larrinagak.

Gizarte Politikaren arloko zinegotziak azaldu duenez, 2021. urte osoan pandemia oso presente egon da, “hitzorduak bertan behera utzi, konfinamenduak, estres handiko egoerak familietan eta abar eman direlako”. Hori dela eta, familietan, areagotu egin dira tentsioak eta harremanei lotutako arazoak eta, horren ondorioz, artatutako herritarren artean igo egin dira osasun mentaleko arazoak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak