→Basauri

Adingabeen aurkako abusuak prebenitzeko erakunde guztien inplikazioa sustatzen jarraituko du Basauriko Udalak

Haurtzaroko eta nereabezarako abusuak prebenitzeko nazioarteko eguna da azaroaren 19an, Haurraren eskubideen egunaren bezperan (azaroak 20). Ildo horretan, Basauriko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du alderdi guztiek aho batez onartutakoa.

2019ko urtarrilean sexu abusuen kontrako manifestazioa egin zuten Basaurin // Geuria

Haurtzaroko eta nereabezarako abusuak prebenitzeko nazioarteko eguna da azaroaren 19an, Haurraren eskubideen egunaren bezperan (azaroak 20). Ildo horretan, Basauriko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du alderdi guztiek aho batez onartutakoa. Adierazpen instituzionalak zazpi puntu jasotzen ditu. Besteak beste, adierazpenaren bitartez, erakunde eta gizarte-eragile guztien inplikazioa sustatzen jarraituko du Udalak adingabeen aurkako edozein indarkeria-zantzu identifikatu eta prebenitzeko, sexu-abusua bereziki, haurren eta helduen arteko hartu- emana dagoen ingurune guztietan, kasuak lehenbailehen detektatzeko eta kalteak mugatzeko.

“Basauriko Udalak balio handia ematen dio arazo latz honen aurka diharduten elkarte eta erakunde guztien ahaleginari, eta dei egiten du elkarte eta erakunde horiek babestera. Halaber, ezinbestekoa da eskerrak ematea aurpegia emateko kapaz izan diren biktimei, eurak izan direlako gehienetan arazo sozial larri hau agerian jartzen aritu direnak, hedabideetan kontzientziazio-lana eginez, epaitegietan bideak urratuz edo salaketa kolektiboak eginez, eta beste biktima batzuei urrats bat aurrera egiten lagunduz, bide batez”, diote Basauriko udaltaldeek: “Eta, gogoratu nahi dugu haur bat sexu-abusuak pairatzen ari dela susmatzen duen pertsona heldu ororen betebeharra dela horren berri ematea agintariei”.

Hona hemen adierazpen instituzionala, osorik:

Kontuan izanik gobernuek eta gizarte zibileko erakundeek zeregin garrantzitsua dutela haurren eskubideen babesean eta errespetuan (Haurraren Eskubideen Konbentzioaren 19. eta 34. artikuluetan berariaz jasotako eskubideak), eta ekarpena egiteko haurrak abusuetatik babesteko xedeari, 2000an, WWSF fundazioak proposatu zuen Haurtzaroko eta Nerabezaroko Abusuak Prebenitzeko Munduko Eguna aldarrikatzea urteroko azaroaren 19an, Haurraren Eskubideen Egunaren (azaroak 20) bezperan, helburua izanik oihartzuna ematea abusuen gaiari eta agerian uztea prebentzio-programen bidez premiaz ekiteko beharra. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, martxan jarri da haurren kontrako sexu-abusuen gaia aztertzeko ponentzia, azterlan baten bidez jorratzeko prebentzioa, detekzio goiztiarra eta biktimen babesa, baita ez errepikatzeko bermea eta erreparazioa ere. Gainera, “Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak” izeneko gidaliburua dugu, Arartekoak eginikoa. Dena dela, erakundeek haurtzaroko sexu-abusuen aurka urrats horiek egin badituzte ere, bide luzea dago oraindik egiteke.

Haurren eta nerabeen kontrako tratu txarrak eta indarkeria (sexu-indarkeria bereziki) arazo global eta oso larri bat da. Pertsonaren aurkako indarkeria suntsigarrienetako bat ere bada, bizitza osorako ondorioak uzten dituena. Euskal erakundeek jakin badakite haurren kontrako sexu-abusuak berekin dakarrela botere-desberdintasuna edo -asimetria, iruzurraren, indarraren, gezurraren edo manipulazioaren bidez eskuarki. Nolanahi ere den, larriki urratzen ditu haurraren edo nerabearen eskubideak.

Laguntza terapeutiko-psikologiko faltari (funtsezko laguntza) gehitu behar zaio maila judizialean gertatzen dena: hots, kasu gehienetan urte asko igaro ondoren, delitua preskribatu denean, salatzen dituztela sexu-abusuak biktimek. Alde horretatik, 8/2021 Lege Organikoak, ekainaren 4koak, haurrak eta nerabeak indarkeriatik osorik babestekoak, aldatu egingo du jardun-irizpidea, delitu hauen preskripzio-denbora luzatzeko. Haurren kontrako sexu-abusuen gaiak errealitate guztiz ezkutua izaten jarraitzen du, eta horixe da funtsezko arazoa eta beste arazo guztien sorburua. Abusu gehienak familian edo inguru hurbilean gertatzen dira (% 88,5, ANAR fundazioak 2008-2019 urteetan Espainiako haurren kontra izandako sexu-abusuei buruz eginiko azterlanaren arabera), eta urte luzez ezkutatzen dira. Beraz, beharrezkoa da arazoa azaleratzea gure gizartearen agertoki politiko eta publikora.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, bost adingabeetatik batek sexu-abusuak pairatzen ditu 17 urte bete aurretik. Europan, AEBn eta Kanadan, umeen % 20k nozitu dituzte sexu-abusuak. EAEn, urtean 1.500 adingabek jasaten dute indarkeria: zigor fisikoa, sexu-indarkeria edo zibererasoa. Estatistika gehienak oinarritzen dira agintarien aurrean salatutako kasuetan, eta arazo ikaragarria sortzen du horrek, ez delako azaleratzen sexu-abusuen errealitatearen benetako neurria, gizarte-arazo honen inguruan nagusi den sekretismo eta ezkutatze-joeragatik. Jakinik askoz handiago dela haurtzaroko sexu-abusuen kopurua, funtsezkoa da azterlanak ikuspegi integral batetik egitea, eta batez ere kontuan hartzea ikuspegi feministaren zeharkakotasuna, horrela arazoaren benetako tamaina neurtzeko eta premiaz jarduteko.

Umeen aurkako sexu-abusuen gaiak ertz asko dituenez, administrazio- organoetako hainbat eragilek esku hartu behar dute, haurrekin eta nerabeekin lan egiten duten erakunde publiko edo zerbitzuen inplikazioaz gainera, leku egokiak direnak kasu hauek detektatzeko eta portaera hauei aurre egiteko.

Erankunde-adierazpena

– Basauriko Udalarentzat, ezinbestekoa da osasun-, hezkuntza-, erakunde- eta gizarte-sistemak identifikaziorako baliabideak eta erreparaziorako mekanismoak jartzea, era askotakoak (indibidualak, sozialak eta komunitarioak), haurtzaroan sexu-abusuak pairatu dituzten pertsonen erreparaziorako eskubidea gauzatzeko eta prebentzio-neurriak ziurtatzeko. Beharrezko neurriak, ez bakarrik honelako kasurik gerta ez dadin, baita gizartea bera arazo honen inguruan kontzientziatzeko ere.

Horregatik guztiagatik, 2019an, Basauriko Udalean ordezkaritza duten indar politikoek eta ‘Ez naiz isilduko’ plataformak abian jarri zuten adingabeen kontrako sexu-abusuak prebenitzeko eta biktimei laguntzeko programa. Orduz geroztik Udala garatzen ari den programa horrek hainbat alor ditu: abusua pairatu duten adingabeen harrera- eta laguntza-gune bat; formakuntza-saioen programa bat adingabeekin diharduten erakundeetako arduradun, entrenatzaile eta monitoreentzat, guraso-elkarteentzat, ikastetxeetako ikasle eta irakasleentzat; eta programari eta eskura dauden baliabideei buruzko informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat. Programa ezartzearekin batera, betebehar bat jartzen zaie udal-dirulaguntza jaso nahi duten elkarteei: hots, Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jotzea adingabe bat babesgabetasun-egoera batean egotearen edozein susmo izanez gero. Babesgabetasun hori sor daiteke hainbat arrazoirengatik: besteak beste, zabarkeriaz jokatzea formakuntza-premietan eta premia psikikoetan segurtasuna bermatzean, eskola-absentismoa, tratu txar fisikoak, sexu-abusua, abandonua eta familia barruko edozein indarkeria-mota edo indarkeria matxista.

– Basauriko Udalarentzat, adingabeak eskubideen titularrak diren subjektuak dira, eta babes ahalik eta handiena eman behar zaie.

– Hortaz, Udalak jarraituko du biktimei eta familiei eskaintzen dizkien baliabideen berri ematen, horietara jo dezaten babes eta laguntza bila.

– Era berean, jarraituko dugu erakunde eta gizarte-eragile guztien inplikazioa sustatzen, adingabeen aurkako edozein indarkeria-zantzu identifikatu eta prebenitzeko, sexu-abusua bereziki, haurren eta helduen arteko hartu- emana dagoen ingurune guztietan, kasuak lehenbailehen detektatzeko eta kalteak mugatzeko.

– Basauriko Udalak jarraituko du Udalen, Foru Aldundien, Eusko Jaurlaritzaren eta haurren aurkako sexu-abusuen eta tratu txarren prebentzioan diharduten erakundeen arteko elkarlana bultzatzen, hainbat egitasmo eta baliabideren bidez prebenitzeko, detektatzeko eta arreta egokia emateko, kalitatezkoa, adingabeen eskubide guztiak babestuko dituena, martxan jarriz beharrezkoak diren protokolo eta arreta- eta babes- neurri guztiak.

– Basauriko Udalak balio handia ematen dio arazo latz honen aurka diharduten elkarte eta erakunde guztien ahaleginari, eta dei egiten du elkarte eta erakunde horiek babestera. Halaber, ezinbestekoa da eskerrak ematea aurpegia emateko kapaz izan diren biktimei, eurak izan direlako gehienetan arazo sozial larri hau agerian jartzen aritu direnak, hedabideetan kontzientziazio-lana eginez, epaitegietan bideak urratuz edo salaketa kolektiboak eginez, eta beste biktima batzuei urrats bat aurrera egiten lagunduz, bide batez.

– Azkenik, gogoratu nahi dugu haur bat sexu-abusuak pairatzen ari dela susmatzen duen pertsona heldu ororen betebeharra dela horren berri ematea agintzariei.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak