→Basauri

Garbigunearen ondoko parkea berrituko du Basauriko Udalak

Haurrentzako jolas-parkeak berritzeko eta hobetzeko beste 440.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak. Oraindik ez dute zehaztu zein parketan esku hartuko duten, baina udal teknikariak “parke guztiak” aztertzen ari direla adierazi dute.

Saneamendu-sarea berritzeko lanak egin zituzten iaz Garbigunearen ondoko parkean // Argazkia: Geuria

Haurrentzako jolas-parkeak berritzeko eta hobetzeko beste 440.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak. Oraindik ez dute zehaztu zein parketan esku hartuko duten, baina udal teknikariak “parke guztiak” aztertzen ari direla adierazi dute: “Udal-teknikariak parke guztiak aztertzen ari dira, esku-hartzea zertan gauzatuko den zehazteko. Aurreikuspenen arabera, Garbigunearen ondoko parkea berritzen lehenetarikoa izango da”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza zinegotziak. Diru-partida hori maiatzeko osoko bilkuran aztertu eta onartuko dute.

Basaurik haurrentzako 38 jolas-eremu eta 9 gune bio-osasungarri ditu. “Horietako asko duela hamarkada batzuk egin ziren eta, hortaz, gaur egun indarrean dagoen araudia ez dute jarraitzen. Hori dela eta, Basauriko Udalak, 2020an, beharrezkotzat jo zuen horiek ikuskatzea, mota horretako ekipamenduetarako UNE araudi berrira zenbateraino egokitzen diren identifikatzeko”, dio Renteriak. Orduz geroztik, parkeen eta aisialdi-eremuen sarea “pixkanaka eta etengabe” hobetzeko inbertituz joan da Udala. Azken hamaika urteotan 2 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte haur-parkeak eta aisialdirako guneak hobetzeko, berritzeko eta instalatzeko.

Bizkotxaldeko parkea

Parkeak berritzeko ildo horri jarraituz, Basauriko Udalak 560.998 euro inbertitu ditu duela gutxi Bizkotxaldeko ‘hareazko’ parke berria eraikitzeko. Obrak iazko uztailean hasi zituzten eta lehen aurreikuspenen arabera, 2022ko urte hasierarako bukatuta egongo ziren lanak. Oraindik, ordea, ez dituzte obrak bukatu: “Lanak ekainean amaitzea aurreikusten dugu”, dio Renteriak.

Obra horren bidez, haurrentzako jolas-gunea osorik birgaitu eta birmoldatu egingo dute, eta, besteak beste, 515 metro karratuko gune estalia, estali gabeko 250 metro karratuko gunea, tirolina eta jolas inklusibo eta berritzaileak izango ditu parke berriak.

Bizkotxaldeko “hareazko parkea” berritzeko obrak hasi ditu Basauriko Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak