→Basauri

Hego Uribeko eta Arratiako ehunka herritarrek ‘Lan, pentsio eta bizitza duinen alde’ manifestazioa egin dute Basaurin

Lan, bizitza eta pentsio duinen aldeko manifestazioa deitu zuten Basaurin Hego Uribeko eta Arratiako plataformek. Besteak beste, ondasunak banatzea, pentsio duinak, osasun publikoa, lana, zerbitzu publikoak garatzea, berdintasuna eta hezkuntza aldarrikatu zituzten ehunka herritarrek manifestazioan. Basauriko herritarrez gain, Galdakaoko, Arrigorriagako, Ugaoko edota Igorreko herritarrak gerturatu ziren manifestaziora. Era berean, Zuhatzuko Maxam lantegiko beharginek martxa egin zuten Galdakaotik Basaurira N-634 errepidetik.

Basauriko manifestazioari hasiera eman zioten Arizko anbulatorioan 12:00etan. Bertan, hiru testigantza entzun ziren: Paula Trueba (Osakidetzako erizaina), Zigor Cerrato (Hezkuntza) eta Maria Jesus Gredilla eta Itziar Aranbarri (Pentsionistak).Goizeko zortziretan hasten gara lanean, baina ez dakigu zein ordutan aterako garen. Hamar edo hamabi orduko txandak izan dira ohikoak, batez ere pandemiak gogorren jo duen aldian. Osakidetzako zuzendaritzak maskaren eta gelen hornidura mozteko mehatxua egin zigun, “gehiegi gastatzen genuelako”, eta moztu egin ziguten: babes-materiala hilabete arte berrerabili behar izan genuen”, dio Paula Trueba Osakidetzako erizainak: “Gaur garrantzitsuena da osasun-zentroetan erizaintzako, medikuntzako, administrazioko eta garbiketako langileen beharra aldarrikatzea. Izan ere, gauzak ondo egiten ez ditugunean, edo zuen prestutasunari buruzko hitzordurik ez dagoenean, pentsa ezazue ez dela lan egiten ez dugulako, baizik eta zuei arreta emateko baliabide nahikorik ez dagoelako. Agendak eta gu gainezka gaude. Hori da lehen mailako arreta guztiz murriztu eta zapalduaren emaitza”.

Hezkuntzari dagokionez honakoa adierazi zuen Zigor Cerrato irakasleak: “Ikasturtea zapore gazi-gozoarekin amaitu genuen, baina esperantzarekin hurrengoa desberdina izango zela. Udan ez zen egon apenas mugimendurik. Egoerak aurrera zelan egiten zuen itxaron behar zela esan ziguten, baina guztiok aurreikusten genuena gertatu zen: egoerak hoberantz egin beharrean, okerrera egin zuen, eta baliabideak eta baldintzak ez zetozen bat. Irailean umeak eskolara etorriko ziren, baina neurri eta egokitzapenak hartu behar ziren. Nork hartu? Bada, irakasleok eta zentroko zuzendaritzak. Pertsonal gehiago eta baliabide fisiko gehiago beharko ziren, eta horregatik hainbat mobilizazio eta greba egun deitu genituen. Aurrera jarraitzen dugu, ahalik eta hoberen egiten saiatuz. Hezkuntza publikoa, guztiona eta guztiontzat”.

Galdakaotik Basaurira martxa egin zuten zenbait herritarrek -Maxameko langileak barne- eskualdeko manifestazioarekin bat egiteko // Geuria

“2018an pentsionistak kalera atera ginen gure haserrea eta gure protesta agertzera, eta oraindik ere gaur egun hemen gaude kalitatezko zerbitzu publikoak eta bizi-baldintza duinak defendatzen beste gizarte-kolektibo batzuekin batera. Jakitun gara pertsona guztien bizi-baldintzak hobetzeko, gureak barne, herri-klase guztien borroka bateratua behar dela, guztiei eraso egiten baitiete helburu bakar batekin: haien onurak handitzea. Kalean jarraitzen dugu eta kalean jarraituko dugu sistema aldatu arte”, diote Penstionisten Mugimenduko Maria Jesus Gredillak eta Itziar Aranbarrik.

Arizko anbulatorioa atzean utzi eta Bingen Anton Ferrero, Lehendakari Agirre eta Autonomia kaleetatik ibilbidea egin ondoren, Social Antzokiaren ondoan bukatu zen manifestazioa, beste zenbait testigantzekin: Helena Perez (Gazte Mugimendua), Mari Carmen Casado (Zaintza) eta Conchi Gomez (Etxeko langileen ordez). “Gazteak kriminalizatzen gaituzten honetan guk ere zer esan handia daukagu. Gazteon langabezia tasak izugarri egin du gora, behin behineko kontratuak zituzten gazteetako asko kaleratuak izan dira inolako prestazioetarako eskubiderik gabe. Ezegonkortasun honek gure bizitzak are prekarioagoak egin ditu, eta gazteok etxetik joateko genituen zailtasunak ugaritu ditu. Berriz ere emakumeak eta neska gazteak izan gara zaintzarekin lotura daukaten lanak egin ditugunak; eskola partikularrak edo umeen zaintza, kasu”, dio Helena Perez gazteak. Era berean, hezkuntzari dagokionez, honakoa gehitu du Helenak: “Kalean sei pertsona elkartu gaitezkenean, ikasgelan 60 ikasletik gora gaude. Ikasturte hasieran EHUk eskolak modu presentzialean izango zirela hitz eman zuen, kanpoan bizi garen ikasleak pisua hartzera behartuz. Hilabetean 200 eta 400 euro arteko prezioa ordaintzen hasi eta berehala ikasketa asko modu telematikoan ematen hasi ziren. Erabakiak hezkuntza komunitatearen hitza entzun gabe hartu izan dira. Ikasleon aldarrikapenak argiak dira: ratioak jaitsi, bekak ugaritu, ikasteko baliabideak dohainik eman eta zerbitzu publikoak indartu. Kalitatezko hezkuntza publiko eta doako bat behar dugu”.

“Egoitza bateko langilea naiz eta dagoeneko 16 urte daramatzat lanean. Lan gehien daukagunean, jendea kentzen digute, eta lan-kargak gehiegizkoak dira. Gure osasunarekin ordaintzen dugu, baina osasun-krisia hasi zenetik, are gehiago handitu da. Ez da jendea ordezkatzen, gaixotu arren. Langile gutxiago dago lanean, laguntzaile gutxiago gara eta orain inoiz baino lan gehiago dugu. Egoera horretan, ezin dugu arreta egokia eman lan-kargengatik. Lehen, egoiliar bakoitzari denbora eman geniezaiokeen, eta orain, berriz, oinarrizko beharrizanetarako denbora apurra baino ezin diegu eman. Egoera hori langileek, egoiliarrek eta haien senitartekoek baino ez dugu ezagutzen, eta horren jakitun izanik, askotan agertu dituzte beren kexak egoera horren aurrean. Zuzeneko arretako langile gehiago behar ditugu”, dio Mari Carmen Casadok. 

Iñaki Etxebarria (ELA): “Maxamen erretiroekin eta pizgarridun bajekin gure helburua lortu nahi dugu ”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak