→Basauri

Balta Hernandez: “Kuadrilla bateko kide izatea jaiez gozatzea baino gehiago ere bada: herriarekin konpromisoa edukitzea”

Aurten ez dago jai herrikoientzako lekurik. Balta Hernadez Herriko Taldeakeko presidentea da eta aurten bizi izan dutenaz hitz egin dugu berarekin.

Balta Hernandez, Herriko Taldeakeko presidentea // Geuria

Lehendabizikoz ez da sanfaustorik ospatuko Basaurin; behintzat Herriko Taldeak 1968an sortu zenetik. Covid-19aren pandemiak aurreikuspen guztiak zapuztu ditu eta ez da inolako jairik antolatu ez Basaurin ez inguruko beste herrietan ere. Balta Hernandez (Bilbo, 1988) Herriko Taldeakeko presidentea da. Elkarteak San Fausto jaiak antolatzeko ardura izateaz gain, urtean zehar beste zenbait jarduera antolatzen ditu. Hala nola, sagardotegira irteera, Abarka Eguna Bentako jaietan edota Errege Magoen kabalgata. Osasun krisia dela eta, bertan behera geratu dira jarduera gehienak —modu birtualean egin dituzte zenbait— eta datozen hilabeteetakoei begira, ziurgabetasuna da nagusi. Herriko Taldeaketik hartu dituzten erabakiei, Osakidetzarekin eta Udalarekin duten harremanari edota datorren urteari buruzko solasaldia izan dugu Hernandezekin.

Herriko Taldeakeko zuzendaritza batzorde berria, eta zelako urtea!
Zelako urtea, bai. Martxoaren hasieran osatu genuen Herriko Taldeakeko zuzendaritza batzorde berria eta handik aste batzuetara konfinamendua iritsi zen. Covid-19aren pandemiak bete-betean harrapatu gintuen.

Herriko Taldeakeko zuzendaritza batzordea // Geuria

Zelan bizi izan zenuten egoera Herriko Taldeaketik?
Zuzendaritza batzordeko denak berriak ginen eta ezustean hartu gintuen pandemiak. Martxoan konfinatu gintuztenean, ia zazpi hilabete geratzen ziren sanfaustoetarako, eta beraz, ez genekien zer egin ahal izango zen eta zer ez. Orduan, handitik txikira lan egiten hasi ginen. Hau da, hasieran Basauriko jai normalak diseinatzen hasi ginen, noski, inolako kontrataziorik eta antzeko ezer itxi gabe, horrek ez baitzuen inolako zentzurik, eta hortik aurrera kuadrillekin eskuz esku lan egiten hasi ginen Basauriko jai “normal” horietatik zer egin zitekeen edo ez aurreikusteko.

Eta ekitaldi batzuk antolatzea ezinezkoa izango zela ikusi zenuten.
Bai. Oso laster ekitaldi jendetsuak bertan behera uztea erabaki genuen. Hala nola, kontzertuak, kuadrillen jaitsiera, herri bazkariak edo kuadrillen lonjen irekiera. Bestalde, ekitaldi txikiagoei dagokienez, une haietan eta zazpi hilabeteko tartearekin, ‘stand by’ egoeran utzi genituen. Konfinamendua amaitu zenean, ikuskizunak eta ekitaldi kulturalak egiteko araudi berria publikatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horrekin oso zaila ikusten genuen bestelako ekitaldiak antolatzea. Formatu txikiko ekintzak onartzen ziren, segurtasun-distantzia mantenduz, eta betiere gune egokiak izanez gero.

Ondoko herrietan zertan ari ziren aztertu zenuten?
Beste herrietan egiten ari zirenari erreparatu genion, bai. Esate baterako, Bilbok berehala erabaki zuen ez zegoela Aste Nagusirik. Egia da, hiri handiek herriek baino deialdi-ahalmen handiagoa dutela, baina Bilbon, adibidez, Bilbao Uda antolatu zuten. Bazirudien Udalean borondatea bazegoela kultura ekitaldiak modu seguruan antolatzeko, betiere formatu txikikoak. Portugaleten, Barakaldon eta Santurtzin ere hainbat ekitaldi antolatu zituzten, leku itxietan zein irekietan, ordaindutakoak edo doakoak.

Eta Basaurin antzekorik egin zitekeela pentsatu zenuten?
Hori da. Ekainaren amaieran lehen komunikatua argitaratu genuen, eta bertan esan genuen ez zirela jaiak ospatuko. Ezinezkoa zen jai gisa ulertzen ditugunak bere horretan antolatzea, baina kultur ekitaldiren bat edo beste egitearen aldekoak ginen. Hortik aurrera, kuadrillekin lan egiten hasi ginen, sanfaustoak izango ziren egunetan ekitaldi batzuk egin ahal izango ziren eszenatoki bat planteatuz. Batez ere astegunei begira jarri ginen, asteburuak saihesteko asmotan, sortu litezkeen aglomerazioengatik. Aire zabaleko ikuskizunetan eta esparru itxietan zerbait egitearen alde agertu ginen. Arazoa da uztailean oso erraza dela aire zabalean zerbait antolatzea, baina urrian zaildu egiten da eguraldiagatik. Hain zuzen ere, jaietan beti izaten dugu B plan bat: Solobarriako karpa, esaterako. Baina bai, zerbait antolatzea planteatu genuen eta uda osoan zehar lanean ibili ginen.

Zein ekitaldi pentsatu zenituzten?
Ekitaldi kulturalak, adin tarte ezberdinentzat. Hala nola, antzerkiak edota umeentzako ikuskizunak. Aforoa kontrolatuta, sarrerak aldez aurretik eskuratuta edota izen-abizenekin, koronabirus agerraldirik egon ezean, dena kontrolatuta edukitzeko. Era berean, aurten —eta luzarora begira— Herriko Artisten Eguna antolatu nahi genuen. Egun horretan, beren gaitasunak erakusteko lekurik ez duten basauriarren jarduerez bete nahi genituen kaleak. Antzerkia, musika, magia edo haurrentzako ikuskizunak. Hala ere, agerraldiak sor zitezkeelakoan, mezu argia helaraztea erabaki genuen: ez dago jairik, ezta ekitaldi sinbolikorik ere. Ekitaldi kulturalak segurtasun osoz egin zitezkeela uste dut, baina egia da honela interpreta zitekeela: “Ez dago festarik, baina nik nire erara egingo ditut jaiak”. Eta interpretazio hori alde batera utzi nahi genuen. Ezer ez egiteko mezua helaraztea iruditu zitzaigun egokiena Herriko Taldeaketik.

Eta orduan, irailean erabakia hartu zenuten: ezer ez antolatzea.
Hori da. Uztailean jaietarako egutegi bat antolatzen hasi ginen, egin zitezkeen ekitaldiekin. Abuztuan, kuadrillekin bilerarik izan ez genuenez, egoera nola aldatzen ari zen aztertzen egon ginen, eta egia esan, oso zaila zirudien zerbait antolatzea. Bazirudien egoerak okerrera egingo zuela. Gainera, ikastetxera itzultzearekin bat egiten zuen. Orduan, min handiz, erabaki genuen hobe izango zela ekitaldirik ez antolatzea, eta horrela, irailean bigarren komunikatua atera genuen Udalarekin batera.

Kuadrillen arropak ez janztea eta bazkari jendetsuak ekiditea eskatu duzue.
Bai. Herritarrek zuhurtziaz jokatzea eskatzen dugu, eta jaiekin zerikusia duen ekintza oro ekiditea. Hala nola, kuadrillen arropak janztea edota bazkari jendetsuak egitea. Uste dugu egokiena hori dela. Alde batetik, osasun-egoera dela eta, eta bestetik, beste udalerri batzuetan, ez-jaiak ospatu dituztenean, berriro agertu delako birusa. Gure erabakiak, dena dela, eskatzen du basauriarrek ere arduraz jokatzea, gure herrian kutsatze-fokurik sor ez dadin. Eta badakigu herritarrek halaxe egingo dutela.
Kuadrilla bateko kide izatea, jaiez gozatzea baino zerbait gehiago ere bada: Basaurirekin konprometituta egotea eskatzen du, eta aurten, konpromiso horrek esan nahi du arduraz jokatu behar dugula, norberaren eta gainerakoen osasuna arriskuan ez jartzeko.

Zein izan da aurten Udalarekin izan duzuen harremana?
Harreman ona eta arina izan dugu Udalarekin, eta elkarlanean aritu gara, ezin zelako bestela izan. Hasieran, zer ekitaldi antola zitezkeen ikusteko, herriko osasun-egoera zein zen jakiteko eta araudiaren bilakaera nolakoa zen ikusteko. Lau edo bost aldiz bildu gara konfinamenduaren hasieratik. Hasieran modu birtualean, eta gero, neurriak lasaitzen joan zirenean, aurrez aurre talde txikietan biltzen hasi ginen.

Jaso ez duzuen diru-laguntza zertara bideratzea proposatu diozue Udalari?
Udalak erabakitzen du zertara bideratu diru-laguntza. Gure aldetik ondo ikusten dugu laguntza hori herritarrei ematea. Bai ostalariei, autonomoei edota beharrizan egoeran dauden basauriarrei. 

Herriko Taldeakeko presidente zaren aldetik, zelan bizi izan duzu jaiak ez antolatzeko erabakia?
Gogorra izan da. Zuzendaritzan sartzen zarenean, jai onak egiteko eta dena ondo joateko gogoz egiten duzu. Egoera honekin, zer salba zitekeen begira egoten nintzen etengabe. Zuzendaritza batzordean sartzen zarenean eta erabakiak hartu behar dituzunean, gauzek askoz gehiago pisatzen dute kuadrilla batean laguntzen zaudenean baino. Noski, batzordean informazio gehiago maneiatzen duzu.

Osakidetzarekin ere berba egin duzue.
Bai. Arizko anbulatorioko arduradunekin harremanetan izan gara eta bi bilera izan ditugu. Bata konfinamendua bukatu berritan, eta bestea irailean. Lehenengo bilera horretan aurreikuspenen inguruan galdetu genien osasun langileei eta zintzotasun osoz esan ziguten ez zekitela egoera zein izango zen handik hilabete batzuetara. Hori dela eta, gauza txikiak antolatzeari ekin genion, betiere Udalarekin harremana mantenduz. Izan ere, krisi-mahaia antolatu zuten osasun eta segurtasun arduradunekin batera. Eta bigarren bileran, egoera berriaren berri eman ziguten.

Zer ondorio atera zenituzten bilera horietatik?
Egoera nola zegoen azaldu ziguten, eta Basauriko egoera zaila zela jakinarazi ziguten. Osakidetzarekin irailean izan genuen bileran, langileetako batek —koordinazio-taldekoa izateaz gain, kontaktuen jarraipena egiten du— esan zigun nola eta non ari ziren kutsatzeak ematen, eta jakina, testuinguru hori jaietara erabat egokitzen zen. Gehienbat aisialdian ematen ari ziren kutsatzeak. Gainera, familiarekin bazaude, gero lagun taldearekin, gero jaietako kuadrillarekin kontrolatu ezingo litzatekeen zerbait izango litzateke, eta Osakidetzak kontaktu kopurua murrizteko deia egin du.

Zehazki, jaietan ezer ez antolatzeko arrazoi nagusiak zeintzuk izan ziren?
Batez ere, jaietarako deirik ez egotea. Kuadrilletan eta ia edonorengan, agian, kutsatzeko nolabaiteko beldurra zegoen. Hala ere, egia da orain arte ez dela kultur munduan, ikuskizunetan edo horrelako ekitaldietan agerraldirik izan. Nahiko kontrolatuta dago dena eta oso protokolo zorrotzak jarraitzen dira. Baina jaietan Herriko Taldeakek antolatutako ekitaldiren batean agerraldiren bat balego, erantzukizuna oso handia da, eta gainera, begira zer nolako mesedea egingo geniokeen herriari antolatzen dugun ekitaldiren batean kutsaturik ematen bada. Horretaz gain, dena hain parte-hartzailea izateko hemen dugun moduak errespetu handia eman digu kuadrillei eta Herriko Taldeakeko kideoi.

Jairik ez, baina sanfaustoek duten kutsu solidarioa mantentzea erabaki duzue.
Hala da. Hasiera-hasieratik erabaki genuen jaietako kutsu solidarioa mantendu behar genuela. Orduan, zapi solidarioaren ideia garatu zuten zenbait kuadrillek. Herriko Taldeaketik laguntza ematen dugu, baina kuadrilletatik garatutako zerbait da. Aurten bilduko den dirua Basauriko Gurutze Gorriari emango zaio, herrian bertan garatzen dituzten proiektu ezberdinetara bideratzeko. Zapia saltzeaz gain, solidarioa kuadrilletatik kanpoko irekitzeko asmotan, Gurutze Gorriak kontu korronte bat zabaldu du (2095 0028 87 3830879515) kausan lagundu nahi duen edonorentzat. Lagundu nahi duenak dohaintza egin dezaket kontu korrontean, ‘Basauri solidarioa’ gaia jarrita. Kuadrilla bakoitzak kuadrilletako parte ez den askorengana iristeko gaitasuna du. Ia 3.000 pertsona gara kuadrilletan.

Aurten kartel lehiaketarekin arazoak egon omen dira.
Bai. Basauriko jaien kartel lehiaketa Udalak antolatzen du. Lehiaketaren oinarriak konfinamendua hasi aurretik onartu ziren eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren. Antza denez, behin prozesua hasita, amaitu arte itxaron behar da bertan behera utzi ahal izateko. Horregatik, aurtengo jaietako kartelerako lehiaketa deitu zen, eta ia berehala bertan behera geratu zen, jairik ez zegoelako. Lehiaketaren iragarkia zenbait egunez egon zen publikatuta, baina ez zegoen gure esku aldizkari ofizialetik kentzea.

Etorkizunari begira, San Fausto jaiez gain, Errege Magoen kabalgata antolatzen duzue Herriko Taldeaketik.
Oso konplikatua dirudi jende asko biltzen duen kabalgata bat ospatzeak, baita umeekin harrera egitea ere. Alternatibaren bat pentsatu behar dugu nolabait haurren ilusio horri eusteko. Agian zerbait birtuala egin liteke. Gaztetxoenak ziren kezkatzen gintuen gauzetako bat. Jaietan izaten dute egun handia, eta aurten egun hori ez izatean, ahal den neurrian, beraientzat zerbait pentsatu nahi dugu.
Gabonetan zerbait antolatu ahal izango balitz, nik uste dut Herriko Taldeaketik inoiz baino gogo handiagorekin hartuko genukeela, eta uste dut boluntario gehiago izango genituzkeela (kar, kar).

Zein mezu helarazteni diezu basauriarrei?
Batzordeko denok dugu beste ekitaldi batzuk antolatu ezin izanaren arantzatxoa, baina uste dugu aurten horrela izan behar duela: arduratsuak izan eta herritarrei erantzukizunerako deia egin. Hori da Herriko Taldeaketik helarazi nahi dugun mezua. Zoritxarrez, aurten arropa armairuan utzi behar da, eta bakoitzak bere burua zaindu behar du besteak zaindu ahal izateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak