→Basauri

Parkeen eta lorategien mantentze-lanak “oso ondo” batekin baloratu dituzte basauriarrek

Bizkotxalde parkea // Geuria

Basauriko 400 herritarrek Udalaren Hiri Behatokiren inkestari erantzun diote, eta gaur bertan azterketa horren emaitzak eman dituzte ezagutzera. Inkestaren emaitzen arabera, basauriarren % 69,6k uste du herriak hobera egin duela, eta “oso ondo” batekin baloratu dituzte, besteak beste, kaleen garbiketa (10etik 7,67), parkeen eta berdeguneen mantentze-lanak (7,58), hondakin-bilketa eta birziklapena (7,48), Gizarte Zerbitzuak (7,06), kirola (7,46) eta kultura (7,46). Garraio publikoaren balorazioa oso altua izan da: 10etik 8,2koa. Herritarren segurtasunak (6,6), euskarak (6,93) edo enplegua sortzeko eta enpresak babesteko (6,18) proiektuek ere puntuazio ona izan dute. Inkesta telefono bidez gauzatu zuten abenduaren 14tik 17ra bitartean. 

“Basauriarrentzat, Udalaren ekintza positiboenak dira pasealekuak eta berdeguneak (% 19,9), igogailuak eta eskailera mekanikoak (% 10) eta urbanizazio-lanak”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak. Era berean, “oso ondo” batekin baloratu dute inkestatuek udaletxearen beheko solairuan eta San Miguelen dagoen Herritarrentzako Arreta Zerbitzua. “Arreta eta abisu telefonoa, eta kexa eta iradokizunen zerbitzuaren funtzionamenduaren balorazioa 6,5ekoa izan da, eta Basauriko Udalaren gardentasunarena, 6,43koa”, dio.

Kontran, inkestan parte hartu zuten basauriarrentzako arazoen artean daude: aparkaleku eza (% 27,3), langabezia (% 11,8) eta aldapak (% 8,6). Aurreko urteetako inkesten emaitza berak dira aipatutakoak. “Inkestan parte hartu dutenen artean, Udalaren ekintza negatiboenak dira “aparkalekuak kentzea” (% 6,9) eta “guztiz abandonatuta dauden auzoen egoera” (% 4,1)”, dio Iragorrik, eta gaineratu du: “Galdera honetan, oso adierazgarria izan da ekintza negatiboenari buruz galdetuta erantzun ez duten herritarren ehunekoa (% 51,9); ekintza positiboenari buruz galdetu denean, ordea, erdira murriztu da erantzun ez duten herritarren ehunekoa (% 28,7)”.

“Udal-zerbitzu eta -proiektuen inguruan basauriarrek duten iritziari buruzko azterlan demoskopiko hau eta beste irizpide batzuk baliagarriak izango zaizkigu gure zeregina egokitzeko herritarren premietara”, dio Iragorrik, eta gogorarazi du aurten, besteak beste, 403.000 euro bideratuko dituztela “Igelaren pasealekua” berritzeko, 300.000 euro Particular de Asturias kalean bide bioosasungarri bat eraikitzeko, ia milioi bat euro udalerriko hainbat lekutan irisgarritasuna hobetzeko, eta 315.000 euro Federico Mayoren hirugarren faseko berrurbanizazio integralerako eta irisgarritasuna hobetzeko.

Oposizioaren proposamenak inkestari

Basauriko oposizioko taldeek Udalaren Hiri Behatokiren inkestan zenbait galdera txertatzea proposatu dute. Besteak beste, Elkarrekin Podemosek parkeen eta lorategien mantentze-lanei buruz galdetzea eskatu zuen. Galdera hori aurten sartu dute lehen aldiz. EH Bildutik ere zenbait proposamen egin zituzten: “EH Bilduk proposatu zuen Lapatzako abiadura handiko trenaren balizko geltokiari buruz galdetzea, Galdakao-Usansoloko Ospitalerako metro-linearen proiektuari buruz, Sarratuko geltoki intermodalari buruz eta, azkenik, Arratiako tranbiaren trazadura zaharrean bidegorria eraikitzeari buruz (Etxebarri eta Boluetarekin lotzeko). Hala ere, pena da interesgarritzat jo ez izana Basaurin eragina izango duten gai garrantzitsu horiei buruz herritarrek duten iritzia ezagutzea”, dio Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak