→Basauri

Hiru pertsona atxilotu dituzte Basaurin, bi marihuana-landaketa desegin ondoren

// Basauriko Udala

Basauriko Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu droga-trafikoarekin lotutako ikerketa batean, eta horrekin batera, bi marihuana-landaketa aurkitu ditu, udalerriko bina pabiloitan. Atxilotutakoak 42 urteko Zallako herritar bat, eta Bilboko 39 eta 42 urteko bi gizon dira. Udaltzaingoak ez du oraindik ikerketa amaitutzat eman, gertaerei lotuta egon daitezkeen beste pertsona batzuk identifikatu ahal izateko.

Lehenengo gertaerak otsailaren 22an izan ziren. Egun hartan udaltzainek marihuana landatzeko instalazio konplexu bat aurkitu zuten industria-pabilioi baten barruan eta zaintza-operatibo bat ezarri zuten, landaketaren jabeak harrapatzeko. Hasitako ikerketaren ondorioz, 42 urteko Zallako herritar bat atzeman zuten, goizeko lehen orduan landaketa zegoen pabiloira sartzen ari zen unean. Agenteak ikusi zituenean, ihesian atera zen bere ibilgailuan, agenteak haren atzetik abiatu ziren, eta azkenean geldiarazi eta atxilotu zuten. Pabiloia miatu eta marihuana-landaketa “sofistikatu” bat aurkitu zuten, 255 marihuana-landarerekin. 

Hurrengo egunean, otsailaren 23an, zaintzapean zegoen bigarren pabilioi batera sartzen ari ziren beste bi gizon atxilotu zituzten, 39 eta 41 urteko bilbotarrak. Bigarren miaketa horretan beste landaketa bat desegin zuten, “aurrekoaren sofistikazio maila berekoa”, diote udal ordezkariek: “Oraingoan, pladurrez eginiko hormen egitura baten barruan zegoen ezkutatuta plantazioa, eta horrelako landaketatan marihuanaren usaina kanpoan ez zabaltzeko jarri ohi diren potentzia handiko iragazkiak eta aireztapen-sistema zituen”. Miaketa horretan 450 marihuana-landare inguru aurkitu zituzten, eta substantzia bereko bi kilo kukulu baino gehiago, saltzeko prest, baita 1.520 euro ere eskudirutan.

Argazkia: Basauriko Udala

Bi plantazioetan horrelakoetan beharrezkoa den argitasuna etengabe emateko potentzia handiko balasto eta lanpara asko aurkitu zituzten agenteek. Miaketan egiaztatu ahal izan zutenez, sare elektrikorako konexioa legez kanpokoa zen; beraz, elektrizitate-kontsumoan iruzurra egiteagatik delitua ere egotzi diete. “Dirudienez, inguruan kokatutako enpresek adierazia zuten jada azken urtean argi-mozketa ugari jasan zituztela eta horrek haien enpresa-jarduerari eragiten ziola”, diote.

306 prebentzio-zaintza iaz

Drogak kontsumitzeari, edukitzeari eta banatzeari lotutako gertaeren zaitza areagotu du Basauriko Udaltzaingoak. Iaz agenteek horrelako gertaerei lotutako 306 prebentzio-zaintza egin zituzten guztira, 2020an baino bikoitza; aurten zaintza hori handitzea aurreikusi dute. Udaltzaingoak basauriarrei gogorarazi nahi die, halaber, “garrantzitsua dela herritarren laguntza jasotzea arazo larri horrekin amaitzeko eta horrelako jarduerei buruzko informazio oro bidal dezaketela ohiko bideak erabilita. Horrela jasotako informazio guztia modu anonimoan eta konfidentzialean kudeatuko da”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak