→Basauri

Naroa Elortegi mungiarrak irabazi du Basauriko Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren sari nagusia

silver MacBook showing application

Naroa Elortegi mungiarrak lehen saria irabazi du, Karlos Aretxabaleta bediarrak bigarrena eta Eneritz Alberdi berrobitarrak hirugarrena. Elkar Saria Malen Maruri bilbotarrak lortu du.

Guztira 203 ipuin jaso ditu aurten lehiaketak, parte-hartze marka berria // Argazkia Dan Counsell on Unsplash

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketak baditu 2021eko irabazleak. Naroa Elortegi Garcia mungiarrak lehen saria irabazi du (200 euroko balioa duen saria), Karlos Aretxabaleta Ormaetxea bediarrak -Arrigorriaga BHIko euskara irakaslea- bigarren saria (125 euroko balioa duen saria) eta Eneritz Alberdi Irastorza berrobitarrak hirugarren saria (75 euroko balioa duen saria). Gainera, Elkar Saria Malen Maruri San Juan bilbotarrak lortu du (150 euroko balioa duen saria). 

Guztira 203 ipuin jaso ditu aurten lehiaketak, parte-hartze marka berria. Jaso dituzten kontakizunetatik 121 adingabeek idatzitakoak izan dira. Aurtengo edizioan partaideek “Zoragarria, besterik ez…” esaldiarekin hasi behar izan dituzte beren kontakizunak. Eta, iazko nobedadeari helduz eta jarraipena emanez, liburuxka berezia kaleratuko dute 2021eko urtarrila eta martxoa bitartean jasotako kontaketa sortarekin. Ale kopuru mugatua egongo da eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan eta Elkar dendan. Bosgarren edizioa 2022an abian jartzea dute helburu antolatzaileek.

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Elkar Euskal Kulturgintzaren eta GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen laguntzarekin. Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea.

Hitz-erdiko kontaketak | Irabazleak

2021. edizioa

1. Saria

NAROA ELORTEGI GARCIA
Mungia (Bizkaia)

Zoragarria, besterik ez. Halakoa izango zen azken eguna. Inoiz iristen ez zen hura. Musukoak ahaztuko genituen eguna, lagunekin batuko ginen hura, familia osoa elkartuko zen eguna, mugak zabalduko ziren hura, besarkatuko ginen eguna, elkarri musu emango genion eguna, juergan aterako ginen hura… Dena bere horretara bueltatuko zen eguna. Horrela imajinatzen genuen egunero, orduero, ia minutuero amesten genuen eguna. Baina egunak joan egunak etorri bidean besarkatu gabe joan zitzaizkigun asko. Joan zitzaizkigun minutuak, orduak eta egunak, eta azken musurik gabe aitona-amonak eta neba-arrebak, joan zitzaizkigun lagunak. Nahiz eta heldu azken eguna, inoiz ez zen itzuliko joan zitzaiguna.

2. Saria

KARLOS ARETXABALETA ORMAETXEA
Bedia (Bizkaia)

Zoragarria, besterik ez. Holakoxea da emakume zahar baten jarduna; basoan lurretik botata aurkitzen dituen hitzak batzen ditu gauero. Perretxikoak bailiran, haztamuka, zuhaitzen magaletik mendizaleei eroritako hitz onduak emeki jasotzen ditu. Eguzkia hil orduko, basoko musdeak tentuz askatzen ditu paper-bolak bere gordelekuan barrena irakurtzeko; ibiltariek galdutako mila sekretu gordetzen dituztelakoan. Gero, kontu handiz, altxorren kutxan gorde ohi ditu, urre gorria direlakoan. Beste batzuetan, ordea, denboraren poderioz basoko orbelean sustraitutako hitzak errotik atera, krak! kolpe hots batean moztu, eztiki biribilkatu, ahora eraman eta berba biribilguari sua ematen dio. Halakoetan, bakean dago gure basanderea, askea baita hitz gozoak erretzean, sutxakurrak sortzen dituenean.

3. Saria

ENERITZ ALBERDI IRASTORZA
Berrobi (Gipuzkoa)

-Zoragarria, besterik ez. -Zoragarria eta kito? Ez da ohikoena bainan ederto. Jaiotza eta heriotza egunak goran? Beheran? – Ez. -Orduan, izena? -Ezta ere. -Beraz, zertxobait garestiagoa izango da. “Annos vixit”, “iacet hic”, ” memento mori” esaldiak moldeekin egiten dira eta zuk nahi duzuna zizelkatuta. Ulertzen? -Bai, ados. -Eta? Gizon berezia izan behar zuen. -Ez dakit, ni asegurukoa bai naiz. Benjamin jaunak ez zuen senide ezagunik. Dirua eta jabetzak atzerrian duen sasi-semeari utzi eta azken nahia hau zuen: zoragarria deritzon hilarria. Bera nolakoa zen? -galdetzen didazu. Nik, zeri esaten dion zoragarria jakin nahiko nuke.

Elkar Saria

MALEN MARURI SAN JUAN
Bilbo (Bizkaia)

Zoragarria, besterik ez … Horrela deskribatuko nuke zurekin pasatutako une bakoitza; gogoratzen duzu ezagutu ginenekoa? 12 urte bete berri zenituen, berehala konektatu genuen eta hasieratik oso ondo moldatzen ginen elkarrekin. Zure gurasoentzako ez nintzen eredu ona, ez nintzen beraien gustukoa eta edozein aitzakia erabiltzen zuten zu zigortu eta nigandik urrun egon zintezen. Hala eta guztiz, gure harremana ez zen galdu; aitzitik, gero eta ordu gehiago pasatzen genuen bata besteari begira, zure gurasoek ez zekitenean. Pasa den astetik oso triste nago, entzun nizun esaten zuretzako ni ez nintzela nahikoa. Berehala baztertu nauzu eta popularrarekin joan zara, azken generazioko Iphone 12arekin. Xiaomi 9

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak