→Basauri

Bideoa | 2022ko Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketako irabazleek saria jaso dute gaur Basaurin

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketaren bosgarren edizioa izan da aurten. Apirilean eman genituen irabazleen izenak eta gaur arratsaldean sari banaketa egin dute Zirt Zart Gazte Bulegoan, Basozelai Gizarte Etxean. Bertan izan dira Ariane Ochoa Pascual irabazlea (Lapuebla de Labarca, Araba), Laiene Etxebarria Abiña bigarren sariduna (Bilbo, Bizkaia) eta Julen Arriaga Arizmendi Elkar sariduna (Orozko, Bizkaia); Aroa Elortza Payros hirugarren saridunak (Bergara, Gipuzkoa) ezin izan du etorri.

Irabazleen kontakizunak esteka honetan irakur daitezke. Guztira 277 ipuin jaso ditu antolakuntzak (iaz baino 74 gehiago), parte-hartze marka berria, eta horietatik 230 adingabeek idatzitakoak izan dira (iaz baino 109 gehiago). Kontakizun guztiekin liburuxka berezia kaleratu du Basauriko Udalak. Ale kopuru mugatua dago eskuragarri Basauriko Zirt Zart Gazte Informazio Bulegoan, baita Elkar dendan ere.

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Elkar Euskal Kulturgintzaren eta GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen laguntzarekin. Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea. Seigarren edizioa 2023an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

Ariane Ochoa Pascual – 1. saria // Geuria

Laiene Etxebarria Abiña – 2. saria // Geuria

Julen Arriaga Arizmendi – Elkar Saria // Geuria

Irabazleak // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak