→Basauri

Ariane Ochoa lapueblarrak irabazi du Basauriko Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren sari nagusia

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketak baditu 2022ko irabazleak: Ariane Ochoa lapueblarra, Laiene Etxebarria bilbotarra, Aroa Elortza bergararra, eta Julen Arriaga orozkoarra.

Aurten, bosgarren edizioan, 277 ipuin jaso ditu antolakuntzak, marka berria // Geuria

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketak baditu 2022ko irabazleak. Ariane Ochoa Pascual lapueblarrak lehen saria irabazi du (200 euroko balioa duen saria), Laiene Etxebarria Abiña bilbotarrak bigarren saria (125 euroko balioa duen saria) eta Aroa Elortza Payros bergararrak hirugarren saria (75 euroko balioa duen saria). Elkar Saria Julen Arriaga Arizmendu orozkoarrak lortu du (150 euroko balioa duen saria).

2022ko lehiaketan —aurten bosgarren edizioa— 277 ipuin jaso ditu antolakuntzak (iaz baino 74 gehiago), parte-hartze marka berria, eta horietatik 230 adingabeek idatzitakoak izan dira (iaz baino 109 gehiago). 2018ako lehen ediziotik Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketak parte-hartzaile kopurua hirukoiztu du. Aurtengo edizioan partaideek “Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur…” esaldiarekin hasi behar izan dituzte beren kontakizunak. Aurten ere liburuxka berezia kaleratuko dute 2022an jasotako kontaketa sortarekin. Ale kopuru mugatua egongo da eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan, baita Elkar dendan ere.

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Elkar Euskal Kulturgintzaren eta GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen laguntzarekin. Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea. Seigarren edizioa 2023an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

HITZ-ERDIKO KONTAKETAK | IRABAZLEAK

2022. edizioa · Bosgarren edizioa

1. SARIA

ARIANE OCHOA PASCUAL
Lapuebla de Labarca (Araba)

Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur” irakur zitekeen Loreren etxe pareko muraletako batean. Ausarta zen, gura beste gauza egitera ohituta zegoen. Duela aste batzuk goizero bere parean hori ikusteak min ematen dio, triste egotearren errua sentitzen du. Beldur da. Bilbora ezkondu zenean astero Manuelekin afaltzera ateratzen zen, lagun asko egin zituen. Haurdun geratu zenetik saminduta dago, beldurra du bere haurrari utziko dion munduarekin. Beldur da lagunek atzean utziko dutelakoan, ez dutelako agurtuko. Horregatik, asteak daramatza deitu gabe. Bakarrik sentitzearen beldur da. Afari berezia prestatu du gaur Manuelekin balkoian afaltzeko, muralari begira. Azkenean, sukaldean egunero lez hartu dute gaueko hotzaren beldur.

2. SARIA

LAIENE ETXEBARRIA ABIÑA
Bilbo (Bizkaia)

Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur. Ehun hitzeko kontaketa idatzi nahi dut. Horretarako, mugikorra zirriborroz beteta dut, kuadernoan arkatzez idatzitako ideia zaparrada bikaina, eta denbora soberan. Prokrastinazioa tarteko, azkenengo minutu arte itxaroten dut nire kontaketa bidaltzeko. Milaka aldiz aldatu dut amaiera, zein hasiera, zein protagonistaren izena. Idatzitakoa angulu guztietatik aztertu izanagatik, ez naiz ikusten irabazteko gai. Hobe denbora galtzeari uzten badiot. Neure burua lasaitu nahian, gogoratzen diot partehartzailea naizela, ez epailea. Une horretan konturatzen naiz zein nekatuta nagoen nekatuta egoteaz. Ez zen prokrastinazioa, ez zen alfertasuna, baizik eta antsietate madarikatua. Azkenik, barneko beldurrak askatuta, kontaketa bidali dut.

3. SARIA

AROA ELORTZA PAYROS
Bergara (Gipuzkoa)

Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur. Isilik gelditu ginen biok, elkarri begira. Bagenekien amaitzear zela, eta agian horrexegatik egin genion uko norbere barnekoa adierazteari, bagenekielako elkar galtzear geundela. Elkar galtzeari genion beldurra medio, gure harremaneko azken uneak galdu genituen, elkarri so igarotzen baikenituen orduak, ezer egin barik. Ospitaleko pareta zuriek ere ez ziguten laguntzen denboraldi tristea goxatzen. Heriotza noiz iritsiko zain zauden garaian, alabaina, ez dut uste asko dagoenik esateko, ortzadar koloreko paretak izanagatik ere. Elkarri begira geunden ordu luze horietako batean, begiak itxi zenituen. Orduantxe galdu zintudan, ama, eta aldi berean, gure bizitzetako azken hamazazpi hilabeteak, ospitalean sartuta, oxigeno bonbonari lotuta, isilpean.

ELKAR SARIA

JULEN ARRIAGA ARIZMENDI
Orozko (Bizkaia)

Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur… Hori zioen Paulo Coelhok bere “Brida” liburuan. Eta nik zenbat aldiz idatzi izan dizut Whatsappeko mezua? Zenbat aldiz berrirakurri izan dut Whatsappeko mezua? Telefono madarikatua! Inoiz ez dut bidali, ez naiz izan adorez dohaindua. Beti bizi izan naiz kikildua. Gazteok parkean batu gara asteburuan. Jesarrita ikusi zaitut bankuan. Gaur batu gaitu patuak. Agian egia da gauez pantera bihurtzen direla katuak. Agian alkoholaren errua. Gaur eztarriko korapiloari emango diot sua. Zure agur adeitsuan sentitu naiz lasaitua. Ziur nago etorkizunean esango dizudala belaunikatua: “Nirekin egon nahi duzu ezkondua?”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak