Sareak

☉ Basauri

Basauriko Hizkuntza Eskola Ofizialean izena emateko epea zabalik dago

Aurreko ikasturteetan bezala euskara, ingelesa eta frantsesa eskainiko dituzte. Matrikulazio berriak egiteko epea zabalik dago irailaren 17ra arte.

|

Argazkia: Basauriko HEO

Iraila amaieran hasiko dira eskolak ematen Basauriko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Hain zuzen ere, irailaren 27an hasiko da ikasturtea eta aurrekoetan bezala euskara, ingelesa eta frantsesa eskainiko dituzte. Dagoeneko zabalik dago matrikulazio berriak egiteko epea: irailaren 1ean zabaldu zuten eta hilaren 17ra arte (13:00ak arte) eman daiteke izena Ikasgunea plataformaren bitartez. Hizkuntza bakoitzeko prezioa 72,36 eurokoa da.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak irailaren 21ean argitaratuko dituzte, 10:00etatik aurrera, eta erreklamazioak aurkezteko epea zabalik egongo da irailaren 21etik 22ra (14:00ak arte). Onartutakoen behin betiko zerrenda publiko egingo dute irailaren 24an 10:00etatik aurrera, eta egun hartatik 27ra arte matrikula ordaintzeko epea egongo da irekita.

Presentzialak eta erdipresentzialak

Eskola presentzialak eta erdipresentzialak eskainiko ditu Basauriko Hizkuntza Eskolak. Talde erdipresentzialen kasuan hiru izango dira:

Euskara
Tarteko maila (B2.2)
– 15:30-17:45 astelehenetan eta asteazkenetan
– Astelehenetan: eskolak online
– Asteazkenetan: aurrez aurreko eskolak

Frantsesa
Tarteko maila (B1)
– 15:30-17:45 astelehenetan eta asteazkenetan
– Astelehenetan: aurrez aurreko eskolak
– Asteazkenetan: eskolak online

Ingelesa
Tarteko maila (B2.2)
– 15:30-17:45 asteartetan eta ostegunetan
– Asteartetan: eskolak online
– Ostegunetan: aurrez aurreko eskolak

☉ Basauri

Argazkiak / Abarka Eguneko bazkariak 900 lagun batu ditu Bentako jaien hasieran

|

Hasi dira Bentako Jaiak, eta bai indartsu hasi ere! Abarka Eguna ospatzen ari dira basauriarrak, eta Solabarria plazan egin den bazkarira 900 lagun hurbildu dira. GEURIA bertan egon da, eta honak hauek dira atera ditugun argazkiak:

 

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Mischa Bredewoldek irabazi du Itzulia Womeneko bigarren etapa Basaurin

104 kilometroko ibilbidea izan da gaurkoa hiru mendi portuekin eta 25ºtan

|

Mischa Bredewold, helmugara heltzen, Basaurin // Geuria

Mischa Bredewoldek atzoko garaipena errepikatu du Ituzlia Womeneko bigarren etapan (basauri-Basauri). 104 kilometroko ibilbidea izan da gaurkoa hiru mendi portuekin eta 25ºtan.

Basauri-Sarasola Gaina – Lemoa – Aretxabalgane Gaina – Gamiz -Urruztigaina – Galdakao eta azkenik Basaurira heldu dira txirrindulariak, izerdi patzetan, baina ikuskizun polita eskainiz herritarrei. GEURIAko kazetariak lasterketako hasieran eta amaieran izan gara, momentu onenak jasotzen.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Itzulia Women lasterketako irteerak txirrindulari zaleez bete du Basauri

|

Maiatzak 11 dituen honetan Itzulia Women 2024 lasterketako bigarren etapak Basaurin izan du irteera. Zehazki, Social Antzokiaren paretik irten dira txirrundulariak irteera neutralizatuan San Migeleraino. Bertan izan gara lehen lerroan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

BSK Basauriko neskek Estatuko Bigarren mailara igotzeko Final Fourra jokatuko dute asteburuan Urbin

Bigarren urtez jarraian, emakumezko seniorren Final Foura jokatuko da Urbiko kiroldegian maiatzaren 11n eta 12an

|

BSK Basauriko emakumezko seniorren taldeak bigarren urtez jokatuko du mailaz igotzeko Final Fourra // BSK Basauri

BSK Basauri emakumezkoen senior taldea momenturik onenean dago. Bigarren urtez jarraian jokatuko du Final Four bat mailaz igo ahal izateko. Oraingoan, Estatuko Bigarren mailara igotzeko lehiatuko dira BSKko emakumeak.

Mailaz igotzeko Final Fourra maiatzaren 11n eta 12an jokatuko da berriro Basaurin, Urbiko kiroldegian. Basauriko klubeko emakumeek txapelketa irabaziz gero, Euskadiko, Nafarroako eta Errioxako taldeen aurka jokatuko luke datorren denboraldian.

“Orain arte lurralde mailan jokatu izan dugu, eta Final Fourra irabaziz gero, salto handi bat emango genuke”, diote BSK Basauriko arduradunek.

Iaz Lehen Erregional Mailan fase erregularrean galdu gabe mantendu ziren basauriarrak 26 garaipenekin, eta kategoriako Final Fourrean parte hartu ahal izan zuten.

“Igo berriak izanik, denboraldi honetan lider izatea lortu dute 23 garaipenekin eta 3 porrotekin. Aurtengo Final Fourreko txapeldunak modu zuzenean lortuko du Emakumezkoen Bigarren Maila Nazionalean jokatzeko”, diote.

Azken bi urteetan “bloke indartsu eta bateratu bat” sendotu dutela diote klubeko ordezkariek, “bai kantxa barruan bai kantxatik kanpo ere”. “Horrela, jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa lortu dugu”, diote.

Asteburu honetan Final Fourra etxean antolatzeaz gain, maiatzaren 25ean BSK klubak bere urteroko jaia ospatuko du Solobarriako karpan. “Bertan, saskibaloiarekin lotutako jarduerak egingo ditugu, hala nola, partidak, erakustaldiak eta tiro-lehiaketak, eta ondoren bazkaria egingo dugu klubeko denok”, diote.

Saskibaloia / Final Four 2024

Maiatzak 11-12 · Urbiko kiroldegia (Basauri)

Maiatzak 11, larunbata
16:00 Kibuc BSK Basauri vs Erandio Altzaga Montajes Meccano
18:15 Begoñazpi 86 vs Tabirako Baque

Maiatzak 12, igandea
12:15 Lehenengo finalaurrekoko irabazlea vs Bigarren finalaurrekoko irabazlea

Osorik irakurri

☉ Basauri

Hainbat pertsona identifikatu dituzte Aragoi kaleko igogailuko ateak apurtzeagatik, Basaurin

|

Aragoi eta Leoi kaleko igogailua "ahalik eta lasterren" konpondtzeko 4.300 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak // Google

Azken hilabeteetan herriko hiri-altzarietan “ekintza bandalikoak” salatu ditu Basauriko Udalak. Udal arduradunek zehaztu dutenez, Aragoi kaleko igogailuko barruko kabinako ateak apurtu dituzte eta Udalak 4.300 euro inbertitu beharko ditu konponketetan.

Ekintza “bandaliko” horretan parte hartu zuten “hainbat pertsona” identifikatu dituzte eta igogailua “ahalik eta azkarren” konpontzeko izapideak hasi ditu Udalak.

“Duela gutxi antzekoa gertatu da Soloarteko igogailuan: botoiak puskatu dituzte. Eta Kareagakoan kristalaren zati bat apurtu dute. Eta, bart gauean bertan, Petralandako igogailuaren kamera espraiaz busti dute”, diote udal ordezkariek: “Kalte horiek guztiak nahita egin dira”.

Solobarriako karpan ere ekintza bandalikoak egin dituztela salatu du Udalak: “Erabilera desegokiaren ondorioz izan ohi dituen kalteez gain, pertsona batzuek bi aldiz ebaki dute olanaren zati bat, eta zulo handi bat eragin dute, ate baten antzekoa”.

“Tamalez, ez da lehen aldia herriko hiri-altzariak eta bestelako ekipamenduak erasotzen dituztena. Adibidez, eskailera mekanikoak nahita gelditzea, Bizkotxalde parkeko tirolina eta haurrentzako beste elementu batzuk haustea, hiriko igogailuetako ateak eta mekanismoak haustea”, salatu dute Udaletik.

Basauriko Udalak komunitate-kontzientzia eskatu die gizalegerik gabe jokatzen dutenei: “Haien ekintzek eragin negatiboa dute herritar guztiengan, eta aparteko gastu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.

Osorik irakurri