→Basauri

370.500 kilo hondakin organiko bildu ziren iaz Basaurin, 2020an baino 83.000 kilo gehiago

Txartel bidezko sistema jarriko du laster martxan Basauriko Udalak // Geuria

Bosgarren edukiontzian jasotako hondakin organikoen kopuruak gora egin zuen iaz Basaurin. Zehazki, 370.530 kilo hondakin organiko bildu ziren, 2020an baino 82.770 kilo gehiago (% 28,7 gehiago). “Horrek esan nahi du basauriarrek gero eta gehiago parte hartzen dutela gaikako bilketan”, diote udal ordezkariek.

Duela zortzi urte, 2013an, Basauriko Udalak edukiontzi marroia ezarri zuen Pozokoetxen, eta gero San Migelera zabaldu zuten. 2018. urtearen amaieran udalerri osora hedatu zuen Udalak. 2020an 4.724 familia zeuden izena emanda hondakin organikoak biltzeko, eta 2021ean beste 66 familiak eman zuen izena. Hortaz, gaur egun 4.790 familiek egiten dute bilketa organikoa euren etxeetan.

Hobariak birziklatzen dutenentzat

Birziklatzen duten herritarrentzat zabor-tasa murrizteko hobariak aplikatuko ditu Basauriko Udalak. Hobariak emateko, txartel bidezko edukiontziak jarri ditu Udalak herriko kaleetan, eta laster jarriko du martxan sistema hori. Hasieran txartel-sistema edukiontzi marroian hasiko da erabiltzen, eta, ondoren, errefusaren edukiontzi grisera ere zabalduko da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak