→Basauri

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko lehenengo gunea jarriko dute San Migeleko aparkaleku berrian, Basaurin

Aurreikuspenen arabera, datorren urtearen hasieran hasiko dituzte San Migeleko aparkaleku berriko egokitzapen lanak. Basauriko Udalak 180.000 euro inbertituko ditu.

Doako 32 aparkaleku eraikiko dituzte San Migelen. Horietatik bi gordeko dira ibilgailu elektrikoak kargatzeko // Google

Aparkaleku berria eraikiko ditu Basauriko Udalak San Migelen. Zehazki, Renfe geltokiaren eta futbol zelaiaren ondoan dagoen lursailean jarriko dute aparkalekua. Guztira 32 leku izango ditu, eta horietatik bat gordeko da desgaitasunak dituzten pertsonentzat, eta beste bi utziko dira ibilgailu elektrikoentzako kargagailu bikoitza jartzeko.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko lehenengo gunea izango da San Migelekoa. Ordea, ez da bakarra izango Basaurin. Izan ere, Elkarrekin Basauri-Podemosek aurkeztutako aurrekontu-zuzenketa baten ondorioz, ibilgailu elektrikoak kargatzeko beste puntu bat jarriko dute udalerrian. “Oraindik ez daukagu zehaztuta non jarriko dugun, baina anbulatorioko edo Uribarriko txandakako aparkalekuak dira bigarren kargagailu hori jartzeko aukeran dauden tokietako batzuk”, diote udal ordezkariek.

Aurreikuspenen arabera, datorren urteko hasieran hasiko dituzte San Migeleko aparkaleku berriko egokitzapen lanak. Udalak 120.000 euroko aurrekontu-partida onetsita zeukan, eta atzoko osoko bilkuran 60.000 euroko aurrekontu gehigarria onartu zuten elektrolindegia jartzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak