→Basauri

‘Igelaren pasealekuko’ obrak abuztuan bukatuko dituzte, Basaurin

Apirilean hasi zituzten lanak eta ordutik itxita egon da bidea // Geuria

‘Igelaren pasealekua’ berritzeko lanak amaitzear dira. Pasealekua guztiz berritu du Basauriko Udalak, Soloarte parkeko pasabidetik (Mercabilbaoren sarreraren ondotik) igelaren jokoa dagoen eremuraino. Hala nola, zoru osoa birjarri dute —hormigoizko zola jarri dute eta gorriz asfaltatu—, zintarria, baranda eta argiteri-sarea berritu dituzte, eta pasealekuaren amaieran aisialdi-eremu txiki bat sortu dute.

“Era berean, esku-hartzea aprobetxatuz, oinezkoentzako pasealekuaren zati bat hobetu da Artunduagako zubi zaharraren ondoan. Tarte hori ere altxatuta zegoen, zuhaitz baten sustraiek eraginda. Leku horretan, egur tratatuko plataforma bat jarri da sustraien gainetik igarotzeko”, diote udal ordezkariek.

Udaletik aurreikusi dutenez, lanak abuztuaren lehenengo hamabostaldian amaituko dituzte, eta herritarrek erabiltzeko prest egongo da. Lanak apirilean hasi zituen Ekin Eraiketak S.L enpresak eta Udalak 301.532 euro bideratu ditu.

Zuhaitzak landatzea

Igelaren pasealekua berritzeko Udalak hainbat zuhaitz kendu ditu. “Hori egin ezean, pasealekuko zorua berriz ere hondatu egingo baitzen, sustraiek eragindako kalteengatik”, diote. Zuhaitz horien ordainetan, Basauriko zenbait eremutan beste horrenbeste zuhaitz landatzea erabaki du Udalak: “Ibaiertzeko 55 espezie landatuko dira, hala nola, lizarrak, urkiak, sahatsak, pagoak eta sagarrondoak: 15 zuhaitz Igelaren pasealekua dagoen ibaiertzean bertan; 10, Soloarten; 5, Pinceles parkean; 10, Ibarretan; eta beste 15, Pozokoetxen. Azken hauek etorkizunean landatuko ditugu”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak