→Basauri

‘Igelaren pasealekua’ berritzeko lanak kontratatzeko prozesua ireki du Basaurik

Proiektuak URA Euskal Agentziaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren oniritzia jaso ondoren, lanak esleitzeko prozesua zabaldu du Basauriko Udalak.

Enpresek abenduaren 9ra arte dute beren eskaintzak aurkezteko // Geuria

‘Igelaren pasealekua’ berritzeko prozesuan urrats berria eman du Basauriko Udalak. Proiektuak URA Euskal Agentziaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren oniritzia jaso ondoren, lanak esleitzeko prozesua zabaldu berri du Udalak. Enpresek abenduaren 9ra arte dute beren eskaintzak aurkezteko. Kontratuaren lizitazio aurrekontua 403.289 eurokoa da (uztaileko osoko bilkuran onartua), eta lanak bi hilabeteko epean burutu beharko du enpresa esleipendunak.

Soloarte parkeko pasabidetik igel-toka jokoa dagoen tokiraino berrituko dute bidea. Pasealekuaren birmoldaketa osoa gauzatzeko, bidea hormigoizko zolata baten bidez birjarriko dute, eta ondoren, gorriz asfaltatuko dute. Gainera, zintarria, baranda eta argiztapen sarea ere berrituko dituzte. “Pasealekuaren amaiera, hau da, igel toka dagoen eremua ere berrituko da, eta aisialdirako gune txiki bat jarriko da”, dio Nerea Renteria Hirigintza arloko zinegotziak: “Halaber, Artunduagako zubi zaharraren alboko oinezkoentzako pasealekuaren zati bat hobetzeko baliatuko da esku hartzea. Izan ere, zuhaitz baten sustraiek altxatuta dago hura ere. Puntu horretan, tratatutako egurrezko plataforma bat jarriko da, sustraien oztopoa gainditzeko”.

“Denbora luzez espero izan da lanok egitea eta oso beharrezkoak ziren, baina beste administrazio batzuen baimenak eta azterketa tekniko oso xehatua ere behar ziren, soluzio eraikitzaile onena aurkitzeko; azkenean, gauza dezakegu. Pasealeku eta bidegorrien sarea asko hobetuko da, eta, aurreikuspenen arabera, basauriarrok udaberrian gozatu ahal izango dugu horiez”, dio Renteriak.

ZUHAITZAK KENDU, BERRIAK JARRI

“Mercabilbaoren ondoko oinezkoentzako bidea edo bidegorria -lagunartean ‘Igelaren pasealekua’ deitua- birmoldatu behar izatearen arrazoi nagusia da parterre mugakideetako zuhaitzen sustraiek zoladuran kalteak eragin dituztela. Udal teknikariek, lursaila eta izan ditzakeen soluzioak aztertu ondoren, erabaki dute pasealekuaren zoladura osoa birjarri behar dela, Soloarteko parkeko pasabidetik igel toka dagoen eremuraino. Horretarako, zenbait zuhaitz kendu beharko dira; izan ere, bestela, denbora kontua izango da berriro ere pasealekutik ibili ezin izatea sustraiek eragindako kalteengatik”, dio Renteriak.

“Kendu beharreko arbolak ezin dira birlandatu, beren ezaugarriak, mota eta tamaina direla eta. Hartara, egingo duguna da arbola kopuru bera landatu udalerriko beste toki batzuetan”, dio Renteriak. Hain zuzen ere, erriberako espezieen 55 ale landatuko dituzte, hala nola, lizarrak, urkiak, sahatsak, pagoak edo sagarrondoak, udalerriko leku hauetan: 15 zuhaitz igelaren bideko bertako ibaiertzean, 10 Soloarten, 5 Pinceles parkean, 10 Ibarreta ibarrean eta etorkizunean, beste 15 Pozokoetxen”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak