→Basauri

Igelaren pasealekua berritzeko diru-partida onetsiko du Basauriko udalbatzak

Pasealekua berritzeko, pasabidean dauden “zuhaitza batzuk” kendu behar dituztela adierazi dute udal arduradunek. Horien ordez, 55 zuhaitz berri landatuko dituzte herriko zenbait puntutan.

Soloarte parkeko pasabidetik igel-toka jokoa dagoen tokiraino berrituko dute bidea // Geuria

Basauriko Udalak hiru milioi eta erdi euro inguru bideratuko ditu herriko hainbat txoko txukuntzen eta proiektuak berregituratzen, maiatzean azaldu genuen bezala. Besteak beste, ‘Igelaren pasealekua’ delakoa berrituko duela iragarri zuen orduan, eta gaur bertan adierazi dute uztaileko osoko bilkuran diru-partida bat onetsiko dutela lanak egiteko. Zehazki, 403.000 euro bideratuko dituzte Mercabilbao ondoko bidea berritzeko.

Soloarte parkeko pasabidetik igel-toka jokoa dagoen tokiraino berrituko dute bidea. Besteak beste, hormigoizko lur berria jarriko dute, eta, gero, asfalto gorriz estaliko dute, eta zintarri, eskudel eta argiztatze berria ere jarriko dituzte. “Pasealekuko azken zatia ere, igel-toka jokoa dagoen lekua, berritu egingo dugu, eta atsedenleku txiki bat sortuko dugu bertan”, diote udal ordezkariek.

Oraindik ez dakite noiz hasiko diren obrak, aurrena lizitazio-prozesua zabaldu behar dutelako lan horiek esleitzeko. “Momentuz ezin dugu zehaztu obrak noiz hasiko diren, lizitazio prozesua hasi aurretik URAren baimena behar dugulako”, adierazi diote GEURIAri udal ordezkariek.

Zuhaitzak kendu, berriak jarri

Pasealekua berritzeko, pasabidean dauden “zuhaitza batzuk” kendu behar dituztela adierazi dute udal arduradunek: “Izan ere, bestela, sustraiek pasealekua hondatuko dute berriro ere”. “Kendu beharreko arbolak ezin dira birlandatu, beren ezaugarriak, mota eta tamaina direla eta. Hartara, egingo duguna da arbola kopuru bera landatu udalerriko beste toki batzuetan”, diote udal arduradunek. Zehazki, ibaiertzeko espezieen 55 ale (lizarrak, urkiak, zumeak, pagoak eta sagarrondoak) landatuko dituzte honako leku hauetan: Igelaren pasealekuan bertan 15 zuhaitz, Soloarten beste 10, Pinceles parkean 5, Ibarretan 10 eta etorkizuneko Pozokoetxe parkean beste 15.

Matxitxako aparkalekua

Bestetik, Matxitxako kaleko aparkalekua ere berritzeko diru-partida onartuko dute uztaileko osoko bilkuran (137.000 euro). Esku-hartze honetan kanpoko espaloitik hormigoi inprimatuzko espaloi irisgarri bat eraikiko dute, zorua berriro asfaltatuko dute, eta seinalizazioa, argiztatzea eta saneamendua hobetuko dituzte. “Gaur egun, ibilgailu askok erabiltzen dute Matxitxakoko aparkalekua, baina ez sarbidea, ez barruko ibilbideak, ez dira irisgarriak; eta, gainera, zoladura berritu beharra dago”, diote udal ordezkariek. Matxitxako kaleko parkingak 69 leku izango ditu, horietatik bi gordeko dituzte beharrizan bereziak dituztenentzako, eta beste bi ibilgailu elektrikoak birkargatzeko. 

Matxitxakoko aparkalekua berritu eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bikoitz bat instalatuko du Basauriko Udalak

Halaber, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren barruan, Agirre Lehendakaria eta Matxitxako arteko errepide berria eraikitzeko 600.000 euroko partida ere onetsiko dute uztaileko osoko bilkuran. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak