→Basauri

Obrak hasita, ‘Igelaren pasealekua’ itxita egongo da oinezkoentzat maiatzaren 2tik aurrera

Oinezkoak Igelaren pasealuan // Geuria

‘Igelaren pasealekua’ berritzeko lanak hasi ditu gaur Basauriko Udalak. Obrak direla eta, maiatzaren 2tik aurrera itxita egongo da Soloarte parkeko pasabidetik igelaren jokoa dagoen gunera bitarteko oinezkoentzako bidea. Obrek bi hilabeteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera. Hortaz, udarako bukatuta egongo dira lanak. Ekin Eraiketak S.L enpresak burutuko ditu lanak. Inbertsioa 301.532 eurokoa da.

Soloarteko parkeko zubitik (MercaBilbaoko sarreratik) igel-toka jokoa dagoen eremuraino berrituko dute pasealekua. Hormigoizko zolata eta asfalto-zoladura gorria erabiliko dituzte, eta zintarria, baranda eta argiteria-sarea ere berrituko dituzte. Pasealekuaren amaiera ere berrituko dute: “Bertan dago kokatuta igel-tokaren jokoa, eta jolas-eremu txiki bat eraikiko dugu”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza zinegotziak. Gainera, obrak aprobetxatuko dituzte Artunduagako zubi zaharraren ondoko oinezkoentzako bidearen zati bat ere berritzeko, “zuhaitz baten sustraiek ere altxa dutena”. Leku horretan, tratatutako egurrezko plataforma bat jarriko dute sustraien gainetik igarotzeko.

“Aspaldi egin nahi zen obra bat da, oso beharrezkoa, baina beste administrazio batzuen baimenak behar genituen, eta azterlan xehe bat egin dugu eraikuntza-irtenbide hoberena aurkitzeko. Azkenean, martxan jar dezakegu. Oso hobekuntza handia izango da pasealekuen eta bidegorrien sarean”, dio Renteriak.

ZUHAITZAK KENDU, BERRIAK JARRI

‘Igelaren pasealekuko’ zorua osotik berrituko dute, eta horretarako zuhaitz batzuk kendu behar dituztela adierazi dute udal ordezkariek. “Izan ere, ez bada hori egiten denbora kontua izango da sustraiek berriro pasealekua hondatzea”, dio Renteriak: “Kenduko ditugun zuhaitzen tipologia eta tamainagatik ezin dira birlandatu, beraz, zuhaitz horien galera konpentsatzeko, kendutako arbol-kopuru bera landatuko da udalerriko hainbat lekutan. Horrela, erriberako espezieen 55 ale landatuko dira, hala nola lizarrak, urkiak, sahatsak, pagoak edo sagarrondoak: 15 zuhaitz pasealekuaren beraren ibai-ibilguaren eremuan, 10 Soloarten, 5 Pintzelen parkean, 10 Ibarretan eta 15 Pozokoetxen, aurrerago landatuko direnak”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak