→Basauri

Basauriko ikastetxeen arteko Bertso Topaketa Youtuben ikusiko da aurten

Bertso Topaketa izango da aurten ere Basaurin. Aurten topaketa online egingo da ekainaren 4an. Aurtengo hitzorduak gonbidatu bereziak izango ditu.

Aurten ez da Social Antzokian izango Basauriko Bertso Topaketa, baina sarean ikusi ahal izango da // Argazkia: Geuria

Modu berezian bada ere, ikastetxeen arteko Bertso Topaketa ospatuko da aurten Basaurin. Covid-19aren krisiak eraginda, aurten ez da Social Antzokian izango, baina ikasturte honetan bertsolaritza landu duten ikasleen lanak Youtube bidez entzun ahal izango dira. Hitzordua ekainaren 4an, ostegunez, 11:00etan izango da hurrengo esteka honetan: https://labur.eus/basaurikobertsotopaketa.

Arizko ikastola, Basauri ikastetxea, Basozelai-Gaztelu, Bizkotxalde, Etxegarai, Kareaga Goikoa, San Jose eta Sofia Taramona ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako 400 ikasle inguruk hartu du parte aurten bertsolaritza eskoletan, eta Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarra izan dute irakasle.

Gonbidatu ezagunak

Aurtengo Basauriko Bertso Topaketak gonbidatu bereziak eta ezagunak izango ditu. Besteak beste, Itziar Ituño aktore basauriarra, Maddalen Arzallus bertsolaria, Gontzal Mendibil, Josune Arakistain (Huntza) eta Mikel Urdangarin abeslariak, Mikel Larunbe pilotari galdakoztarra, eta Ainhoa Moraza eta Ainhoa Tirapu Athletic Clubeko jokalariak Basauriko ikasleek bertsolaritzan landu dituzten bertso-sortak abestuko dituzte.

Saioa Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Arkaitz Estiballesek eta Basauriko Udalak elkarlanean antolatu dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak