→Basauri

Ikastetxeen arteko bideoklip lehiaketa antolatu dute Basaurin

Basauriko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleei dago zuzenduta lehiaketa. Lanak aurkezteko epea zabalik dago abenduaren 3tik 15era bitartean.

Artxiboko irudia 'Basaurin Be Bagara' jaian // Geuria

‘Euskaraz bizi gura dot’ abenduko programazio bereziaren barruan, ikastetxeen arteko bideoklip lehiaketa antolatu dute Basaurin. Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleei dago zuzenduta lehiaketa: “Gelakideekin abesti bat hartu -euskaraz- eta zuen erara antzeztu eta dantzatu. Hori guztia grabatu eta bidali!”, diote Basauriko Udaleko Euskara saileko ordezkariek. Hain zuzen ere, Udaleko Euskara sailak Antzerkigintza programako ordezkarien laguntzarekin antolatu dute bideoklip lehiaketa. Bideokliparen iraupena gutxienez minutu batekoa izango da, eta gehienez lau minutukoa. “Baldintza hauek betetzen ez dutenak lehiaketatik kanpo geratuko dira”, diote antolatzaileek.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago abenduaren 3tik 15era bitartean. Ikastetxeek euskara@basauri.eus helbide elektronikora bidali behar dituzte bideoklipak. Epaimahaiak originaltasuna, koreografia eta janzkera baloratuko ditu. Abenduaren 21ean irabazlea nor den jakinaraziko dute, eta hilaren 22an sari banaketa izango da Bidearte kaleko Euskara sailean. Irabazleek KNS aisialdia eta abenturako bi orduko zirkuitua irabaziko dute ikasgela osorako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak