→Basauri

Indarkeria matxistaren biktimei memoria eta erreparazioa aitortzeko ekitaldia egingo dute Basaurin

Azaroaren 27an Memoria Ekitaldia antolatu dute Basaurin, Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira.

Azaroaren 27an Memoria Ekitaldia antolatu dute Basaurin // Geuria

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan hamaika jarduera antolatu dituzte azaroan zehar Basaurin. Besteak beste, azaroaren 27an, larunbatez, ‘Basaurin matxismoari planto’ lemapean, hainbat musika-saio izango dira udalerriko zenbait auzotan emakumeek joko dituzten musika-tresnak erabilita. Adibidez, Kareagan (Astoetan) saxoa entzun ahal izango da, Arizgoiti plazan txalaparta, Begoñako Andra Mari kaleko estatuan teklatua, Arizko bus geltokian trikitixa eta San Migeleko Hernan Cortes plazan gitarra. Musika-saio hauek 12:00etatik 12:45era bitartean izango dira.

Era berean, azaroaren 27an 13:15ean Memoria Ekitaldia antolatuko dute Eskarabileraren plazan, San Pedro elizaren ondoan. “Plaza hori Memoria Gunetzat hartu da indarkeria matxistaren biktimen eta indarkeria horretatik bizirik irten direnen memoria berreskuratzeko prozesu batean”, diote Basauriko Berdintasun Kontseiuko ordezkariek. Ekitaldi horretan, musikaz lagunduta, emakumeen eta seme-alaben testigantzak irakurriko dituzte, memoriaren eta erreparazioaren ikuspegitik idatziak. Marieneako Abesbatza Feministak emango dio amaiera ekitaldiari.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak