→Basauri

Marcelino Gonzalez, Beltran de Heredia eta Iparragirre kaleak hobetuko ditu Basauriko Udalak

Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko bidean jarraitzen du Basauriko Udalak, Auzoegin programaren baitan.

Marcelino Gonzalez kalean obrak hasi dituzte jada // Argazkia: Geuria

Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko bidean jarraitzen du Basauriko Udalak, Auzoegin programaren baitan. Ildo horretan, Landa Doktorren kalean, Marcelino Gonzalez kalean eta Iparragirre kalean obrak egingo dituzte. Era berean, Clemente Beltrán de Heredia kalea berriro berurbanizatuko du Udalak.

Zehazki, Landa Doktorren 14an eta Marcelino Gonzalez 1-7 zenbakietan irisgarritasuna hobetzen hasi dira jada: espaloi zabalagoak egingo dituzte, oinezkoen pasabideak jaitsiko dituzte eta arrapalak egingo dituzte. Gainera, Marcelino Gonzalez 1-11 atarien artean alde bietako aparkalekuak kenduko ditu Udalak, “ibilgailuek aparkatze-lerroetako batetik zirkulatu ahal izateko”, diote. Obrak hauetan 66.360 euroko inbertsioa egingo du Udalak, eta aurreikuspenen arabera, hilabete eta erdian bukatuko dituzte.

Clemente Beltrán de Heredia kalean ere obrak hasi ditu Udalak. Kalearen alde bateko aparkalekuak kenduko dituzte eta alde bietako espaloiak bi metrora arte zabalduko dituzte. Ibilgailuentzako sarbidea errazagoa izango da esku-hartze honekin, eta larrialdietako ibilgailuak bertara sartu ahalko dira, zailtasunik gabe. Udalak 56.221 euro inbertituko ditu obra hauetan, eta bi hilabeteko epean bukatuko dituzte.

Arrapala Iparagirre kalean

Oztopo arkitektonikoak ezabatze aldera, Iparragirre kalean ere esku hartuko du Udalak datozen egunetan. Bide-zorua berritu eta irisgarritasuna hobetzeko arrapala bat eta baranda berriak eraikiko dute. Halaber, argiteria publikoa eta saneamendu-sarea hobetuko dituzte, baita hiri-altzari berriak jarri ere. Obra honek hiru hilabete iraungo ditu, eta 176.473 euroko kostua izango du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak