→Basauri

Irune Costumerok hitzaldia emango du otsailean Basaurin, emakumeen eta haurren aurkako indarkeria matxistaz

Otsailaren 2an izango da hitzaldia. Interesdunek izena eman behar dute // Argazkia: Geuria

GAS gurasoen alienazioaren sindrome faltsuaz eta emakumeen eta haurren aurkako indarkeria matxistaz hitzaldia emango du Irune Costumero santurtziarrak Basaurin. Costumerok birritan salatu zuen senar ohia genero-indarkeriagatik, eta Gurutzetako Ospitaleak adingabekoen Fiskaltzari jakinarazi zizkion, alabak ohartarizita, aitak eragindako lesioen hiru mediku-txosten; prozedura guztietan absolbitu egin zuten Costumeroren senar ohia.

2017an Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartu zuen neskatoaren behin-behineko zaintza, eta aitarekin bizitzea erabaki zuen. Zaintza partekatua kentzearen ondorioz, amak eta alabak hilabeteak igaro zituzten elkar ikusi gabe, eta, hori egin ahal izan zutenean, foru-zerbitzuak zaindutako topaketetara mugatu zen. Urteak igaro ziren amarekin gaua igarotzeko baimena eman zen arte, eta iaz, lehen aldiz, biek elkarrekin igaro izan zituzten opor-egun batzuk.

Bizkaiko Auzitegiak ukatu egin zion Costumerori 2021eko azaroan bere alabaren zaintza partekatua, eta, horregatik, epaitegietara eraman zituen Bizkaiko Haurtzaro Zerbitzuko arduradunak, neskatoa beragandik kentzea leporatuz, gurasoen alienazio sindromea (GAS) zuela argudiatuta, erakunde medikoek ukatuta eta Haurren Legean debekatuta. Epaiketan, foru arduradunak absolbitu egin zituzten. Epaia “benetako mendekutzat” jotzen du Costumerok eta “erakundeen zurikeria” salatu ditu.

Urtarrilean bertan, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, Espainiako Justizia genero-arazoengatik diskriminazio-neurriak aplikatzen ari da adingabeei tratu txarrak eta abusuak egiten zaizkien kasuetan, hala nola, gurasoen alienazioaren sindromean (GAS), Irune Costumeroren kasuan gertatu zen bezala.

Hitzaldia otsailaren 2an, asteazkenez, izango da Marienea Basauriko Emakumeen Etxean 19:00etatik 20:00etara. Hitzaldira bertaratu nahi dutenek izena eman behar dute 946 124 100 telefono zenbakira deituta, marienea@basauri.eus helbide elektronikora idatzita edo esteka honen bitartez. Hitzaldia gazteleraz izango da eta sarrera doakoa da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak