→Basauri

27 urteko gizon bat atxilotu dute bart Basaurin, desordena publikoak eta agenteen aurkako atentatua leporatua

Goizaldeko 03:00ak aldera Ertzaintza eta Udaltzaingoa Araba kalean // Argazkia: Geuria

Istiluak izan dira bart Basaurin, San Fausto jaiak hasiko zirateeken lehen egunean. Segurtasun sailak adierazi duenez, Mojaparte plazaren inguruan 200 pertsona inguru zeuden, “istiluak sortzen eta objektuak jaurtitzen”. Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko patruilak 05:00ak aldera bertaratu ziren, “liskar iskanbilatsu bat” gertatzen ari zelako, eta, “bertaratu zirenean, Brigada Mugikorraren dispositiboari objektuak eta irainak bota zizkioten. Ehun pertsona inguru bertaratu ziren, nahiz eta behin eta berriz sakabanatzeko eskatu”, diote: “Gainera, bertan bildutako pertsonek su-itzalgailuak hustu zituzten eta hainbat kalte eragin zituzten hiri-altzarietan”. 

Gaur 06:30ak inguruan, egoera kontrolatu ondoren, agenteek patruilen aurka objektuak jaurtitzen aritu zen gazteetako bat identifikatu eta atxilotu dute, desordena publikoak eragitea eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatua egitea egotzita. Atxilotua 27 urteko gizonezkoa da, eta ertzain-etxera eraman zuten, dagozkion eginbideak hasteko. Gertakarietan, ertzain bat arin zauritu da. 

Semaforo bat lurrera

Atzo, urriak 9, hasi beharko ziratekeen San Fausto jaiak Basaurin. Nahiz eta jairik ez izan, jendetza bildu zen Basauriko kaleetan, hala nola, oinezkoentzako gunean eta San Isidro plazan, Benta auzoan. GEURIAk jakin ahal izan dueneez, 03:00ak aldera Ertzaintzako eta Udaltzaingoaren patruilak bertaratu ziren Araba kalera, baina minutu gutxiren buruan joan ziren. Ondoren, Agirre Lehendakaria kaleko semaforo bat lurrera bota zuten zenbait gaztek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak