→Basauri

Itoiz Serna: «Hamar emakumeren artean kale nagusi bat moztu zuten Txilen; gurean egun osoko antolakuntza behar duen ekintza di-da batean egin zuten»

Santiagoko Andres Bello Unibertsitatean dabil Itoiz Serna basauriar gaztea. 2019ko gizarte istiluak erakarrita, bertako ikasle mugimenduen eta feminismoaren antolakuntza eta ikuspegia gertutik jarraitzen ari da.

Pantailaren beste aldetik eta ia munduaren beste aldetik agurtu gaitu Itoitz Serna Araujok. Bi urtez Leioako fakultatean Lehen Hezkuntza ikasten ibili ondoren Txilera abiatzeko maletak egin zituen hogei urteko basauriar gazteak. Sei hilabeteko esperientziaren hasieran dago, baina baditu jada bueltako ekipajea beteko duten istorioak eta ikaspenak. Etxekoon ideiak eta aurreiritziak apurtzera hurbildu zaigu Itoitz, Santiagoko txoko eta izkina guztiak gure begien aurrera erakarriz. Hego Amerikatik, ozeanoaren beste aldetik, datozkigu bere hitzak, inoiz baino urrunago, baina ahots indartsu eta borrokalariek ez dute inoiz oihukatzeko arazorik izan. Eta Txilek asko irakats diezaguke horri buruz.

Europako herrialde batera joateko aukera edukita, zerk bultzatu zintuen Hego Amerikara lekualdatzeko erabakia hartzera?
Hori da, hain zuzen, hemen, Santiagon egonda gehien galdetzen digutena. Jendea ezagutu eta Euskal Herrikoa edo Espainiakoa zarela esatean eta unibertsitate-trukea egiten ari zarela jakiten dutenean, asko harritzen dira, ez baitute ulertzen zergatik egiten dugun. Nik hasieratik nuen argi Hego Amerikara etorri nahi nuela, baina ez nekien segurtasunez nora. Lagun baten laguntzaz hartu nuen erabakia, biok batera gindoazenez Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen zituen zentroen zerrenda aztertu genuen eta Txile iruditu zitzaigun aukera egokiena, Peru eta Argentina ere kontuan hartu genituen arren.

Hego Amerikako txoko guztien artean zergatik aukeratu zenuten Txile?
2019an Txilen gertatutako eztanda sozialaren ostean, asko erakartzen ninduen herrialdearen barnean eta bereziki Santiagon zeuden ikasle mugimendu indartsuak, batez ere mugimendu feministak. Horrela, Leirek, nire lagunak, eta biok Santiagon zeuden unibertsitateak hautatu genituen, behintzat zentro berean ez bageunden ere, hiri berean egon ahal izateko. Gure desioak bete ziren eta Leirerekin batera Santiagon amaitu dut, Andres Bello Unibertsitatean.

EHUko ikasle askok mugikortasun plazari uko egin diote azken urteotan gizartea astindu duen Covidaren harira. Zein eragin izan zuen horrek zure prozesuan?
Hasieran ikasturte osoa Txilen egiteko asmoa neukan, aurreko urteetan etorritako ikasleekin hitz egin ostean, esperientzia hau topera aprobetxatzeko erabakia hartu nuelako. Uztaila zen, bertan klaseak abuztuan hasten direnez jada buruan hori neukan eta bat-batean etorri ziren aldaketak. Txilera joateko buruan nuen ideia apurtu egin zitzaidan, Euskal Herrian Covidaren egoera asko hobetu zen arren, Txilen eta orokorrean Hego Amerikan egoera oso ezberdina baitzen. Mugikortasun-plazak atzera botatzen, uko egiten edo online egiteko aukera ematen hasi ziren, herrialdearen mugak itxita zeudelako. Ondorioz, ezin zen bisa eskatu eta nire unibertsitateak hasieran ezer esan ez bazuen ere, azkenean online egiteko edo bigarren lauhilekoan joateko aukera eskaini zidaten. Errealitatea onartu eta bigarren aukera hautatu nuen, baina segurtasun handirik gabe.

Ezjakintasun egoera hori noiz arte luzatu zen?
Txileko lehen lauhilekoa, nire bigarrena izango litzatekeena, martxoan hasten da berez, baina nik lehenago etorri nahi nuen pisua bilatu eta eskolak hasi aurretik bidaiatu ahal izateko. Prozesua, ordea, korrika batean egin behar izan nuen. Azaroan esan ziguten ziurtasunez mugak irekita zeudela, baina zalantza eta segurtasun-gabezia handiko hilabeteak izan ziren. Ezinezkoa zen ezer antolatzea. Santiagora hegazkina hartzeko eguna hurbiltzen ari zela, matrikula egin eta bisaren izapidea egiten hasi ginen, 1-3 hilabete artean irauten duena. Abenduko oporretan egin zidaten kontsulatuaren elkarrizketa eta telefonoa dardarka hartu nuen unetik azkar pasatu ziren egunak, otsailaren 5ean hegazkinera igo nintzen arte.

Nola bizi izan zenuen bidaiaren prestakuntza azkar hori?
Hegaldia bera hartu nuen modua, bisa lortu aurretik, hilabete horietan bizi izan nuen egoeraren adierazle bikaina da. Askotan ez da horretaz hitz egiten, prozesu hauek idealizatu egiten dira, baina ez ziren egun errazak izan. Txilera etorri diren gainerako ikasleekin hitz eginda, tentsio hori bizipen partekatua izan dela konturatu gara.

Gainera, Europatik kanpo egitera nindoan lehen bidaia zen eta estutasun handiz bizi izan nuen ekipajea prestatzeko unea ere. Baina egoerari buelta eman eta sei hilabete kanpoan egingo nituenez, armairu garbiketa egiteko aprobetxatzea erabaki nuen, janzten ez nituen arropak kendu eta egunerokotasunean erabiltzen nuena maletan sartuz. Hala ere, ekipaje txiki batekin bidaiatzea iruditu zitzaidan aukerarik hoberena.

Hegazkina hartu eta Santiagora iritsi ostean, nolakoak izan ziren lehen egunak?
Bidaia bera eta lehen egunak bakarrik igaro nituen, nire lagunak ezin izan baitzuen hegazkina nirekin hartu. Hiriaren erdi-erdian zegoen apartamentu txiki batean pasatu nuen bi eguneko berrogeialdia. Santiagoren handitasunean murgilduta ikusi nuen nire burua, telefonorik gabe, erosketak non egin ere ez nekiela. Egun horiek igarota, ordea, ostatu batera joan nintzen eta bertan euskaldun batzuek lagundu zidaten mugikorraren eta diruaren kontuak argitzen. Ondoren, Leire eta beste bi lagun etorri ziren.

Aurretik aipatutako ezjakintasunaren aurrean, etxebizitza finkorik gabe joan zineten Txilera. Nolakoa izan zen bilaketa prozesua?
Aurreko urteko ikasleekin hitz egin genuenean, pisurik gabe etorri eta hona iritsi bezain laster bilatzen hastea aholkatu ziguten. Ez genuen kontuan hartu, ordea, aholku hau Covidaren eta eztanda sozialaren aurreko panoramara egokitzen zela eta ondorioz, prezioak eta eskaria asko igo direla. Beraz, hasieran gure aurrekontua oso baxua zen arren, igo egin behar izan genuen bi astez pisu bila ibili ostean. Bi aste horietan ikusi genituen etxebizitzek beldurra ematen zuten, ezin nuen sinetsi norbait leku horietan bizi zitekeenik. Gainera, Patagoniara joatea genuen pentsatua eta lauhilekoaren hasiera gero eta hurbilago zegoen. Azkenean erresidentzia batean edo casona batean bizi behar izango genuela ondorioztatu genuen. Bigarren aukera hori iruditu zitzaigun hoberena eta bidaiaren aurreko egunean, jada malkoak begietan genituela, etxetzar perfektua aurkitu genuen, leku, prezio eta logela bikainak zituena.

Zelakoa da Casona horien funtzionamendua eta bertako elkarbizitza?
Erresidentzien antzekoak direla esan daiteke, etxe handiak dira, gurea hiru solairuko da eta komun eta sukalde partekatuak ditu. Ikasleentzako prestatutako lekuak dira, gure kasuan, 3 ikasle gara eta gainerakoak langileak dira. Elkarbizitzari dagokionean, ez dugu orokorrean asko kointziditzen gainerako bizilagunekin ordutegi oso ezberdinak dituztelako. Patioa ere badaukagu, casonako bost gazteak biltzen dituena, Txileko bat, frantses bat eta gu hirurok. Asko eskertzen dut orain Leire eta biontzako bakarrik zen apartamentu bat hartu ez izana. Harreman berriak egiteko aukera paregabea da, intimitatea mantenduz eta aldi berean, jendearekin egoteko aukera izanez.

Ikasketen arloari helduz, zer ikuspuntu berri eskaini dizu Andres Bello Unibertsitateak?
Lehenik eta behin, unibertsitate hau aukeratu nuen, Lehen Hezkuntzako ikasketak zituelako eta, horrela, ikasgaiak hautatu eta baliozkotzeko errazagoa izan zedin. Hezkuntza nire gustukoa den gaia izanik, oso interesgarria iruditzen zitzaidan Txileko eredua ezagutzea. Hemen egonda konturatu naiz hezkuntza oso egoera kaskarrean dagoela, eta horren adibide da nire mailan gutaz gain bi matrikulatu soilik egotea. Lehen egunean zeharo harritu nintzen klaseko bi ikaskide horiekin hitz egitean, Txilen Lehen Hezkuntza eskari bereziki baxuko ikasketa dela azaldu zigutenean. Euskal Herrian oso estimatua eta jendetsua den aukera da, baina hemen, Txilen, egoera guztiz kontrakoa da, inork ez du irakasle izan nahi, lan-baldintzak oso penagarriak direlako. Egoera honek eta ikasgai zehatz batzuk aukeratzeko beharra izateak, beste karrera eta maila batzuetako ikasleekin harremanetan egotera bultzatu gaitu. Esperientzia hau izan da azkenean nire heziketa gehien aberastu duena.

Ikasle mugimendua bereziki interesatzen zitzaizula aipatu duzu. Espero zenuena aurkitu zenuen Santiagora heltzean?
Bai. Etorri aurretik, lehen aipatu dudan bezala, banekien hemengo mugimendua oso handia eta ezberdina zela. Azken finean, ezinbestean Europako eredua jarraitzen dugu Euskal Herrian eta hori asko nabaritzen da ekiteko moduetan. Interes handia nuen arren, lehenengo egunetan ez nuen ia harremanik izan ikasle mugimenduarekin; baina jendea ezagutzen joan ahala, eztanda sozialean egondakoen esperientzia entzuteko aukera izan dut. Txiletarrek egoera latz hori bizitzen zuten bitartean nik Euskal Herritik berriak jarraitzen nituen, baina bizitako atxiloketak eta torturak beraiengandik entzuteak ez du zerikusirik. Santiagon eztanda sozialaren inguruko museo autogestionatu bat dago, lekukoen ahotsak, koadroak eta bideoak batzen dituena. Niretzako Txile erreferente bat zen eta izaten jarraitzen du.

Mugimendu feministarekin era konkretuan harremanetan jarrita, nolakoa izan zen zuretzat Basauri eta Kiskali utzi eta Santiagoko mugimenduan zure lekua aurkitu behar izatea?
Nik feminismoan militatzen dut eta dena zor diot mugimenduari. Hasieran ezin nuen sinetsi bilerarik gabe nengoela, oso arraro sentitzen nintzen lehenengo asteetan ezer egin gabe. Gure harreman-sarea handitzen joan ahala, mugimendu feministarekin kontaktuan jarri ginen. Horrela, martxoaren 8a heldu zen eta egun horretarako txiletarren prestakuntzak Euskal Herrikoetatik urrun zeudela konturatu ginen. Neska batekin hizketan, normaltasun handiz esan zigun limoia eta bikarbonatoa eraman behar genituela negar-gasa botaz gero eskura edukitzeko.

Martxoaren 8a helduta, nola bizi izan zenuen eguna?
Goizean goiz hasi zen, egun osorako greba deituta zegoen eta deialdia bera arratsaldean izan arren, emakumeek betetzen zituzten Santiagoko kaleak. Lehenik eta behin altxatu eta eguna Kiskali gabe pasatuko nuela konturatu nintzen; lehen aldiz, antolakuntzan ez nengoenez, borrokatzeko, baina bereziki gozatzeko egun bat zen. Oso egun hunkigarria izan zen, emakume pilo bat zeuden bakoitza nahi zuen bezala jantzita edo biluzik. Emakumeontzako egun bat zen eta babestuta sentitu nintzen haien beso moreen artean. Hamar emakumeren artean kale nagusi bat moztu zuten, Euskal Herrian egun oso bateko antolakuntza behar duen ekintza bat azkar batean egin zuten.

Hala ere, eguna zuriak eta europarrak garela ahaztu gabe igaro genuen. Manifestazioan parte-hartzeko grina geneukan, baina ez neukan argi zein zen nire papera, gure pribilegioak ezin baititugu albo batera utzi. Bertako emakumeekin hitz egiten egon ginen, oso giro ona zegoen eta elkartasun handia ikusten zen, tentsio uneak gorabehera. Manifestazioa bera ere oso ezberdina zen: kale osoa hartzen zuen, postuak, futbolean emakumearen papera aldarrikatzen zuten partiduak, batukadak, dantza erakustaldiak etab. Inoiz baino argiago ikusten zen aniztasuna mugimendu feministaren barnean.

Europara iritsi da monumentuak botatzearen eta margotzearen inguruko eztabaida. Nola bizi dute gatazka hori Txilen?
Askotan komentatu dugu gai hori gure artean. Hemen ez dago toki sakraturik, eliza gehienak erreta edo irudi salatzailez beteta daude. Europan elizak eta monumentuak, orokorrean, ukiezinak dira. Horren adibide da Plaza Baquedanoko edo mugimenduaren barnean Plaza de la Dignidadeko estatua, bota eta hormigoizko oinarria guztiz pintadaz bete zutena. Martxoaren 8an morez guztiz margotuta agertu zen. Oso sinbolikoa iruditzen zait mugimendu feministak mugimendu sozialeko adierazpen hori bereganatu izana.

Berdina gertatzen da hiriko kaleekin. Eztanda sozialaren ondorioz, mugimendu handienak izan zituen kalea pintadaz, erretako erakini eta autobus-geltokiz eta denda blindatuz beteta dago. Ia hiru urte igaro ondoren eraikinek berdin jarraitzen dute, hirian barrena zoazenean museo bat dirudi. Borroka eraikin horietan gauzatzen da, bizirik jarraitzen du oraindik asteroko manifestazioekin. Santiago ezaugarritzen duen zerbait da borroka soziala, ezkutatzen ez dena.

Segurtasun ezaren ideia izan daiteke Txilera edo Hego Amerikako gainerako herrialdeetara ez joateko arrazoia. Ideia hori errealitate bat al da?
Hau zen hasieran gehien aipatzen zidaten kezka. Nik argi neukan Txilera etorri nahi nuela eta banekien zentzuren batean arriskutsua izan zitekeela, baina Euskal Herrian ere eraso eta lapurretak badaudela pentsatzen nuen. Hemen egonda konturatu naiz segurtasunaren ideia bera oso ezberdina dela Txilen eta Espainian. Lehen egunetan jende guztiak aholkatzen zigun mugikorrarekin kontu handiz ibiltzeko eta emakume izanda inorekin ez fidatzeko. Informazio hori sartu ziguten buruan eta, arriskutsua izan daitekeen arren, guk gure egunerokoan ez dugu hori bizi izan. Zentzu handi batean, segurtasunaren inguruan bakoitzak duen ideiak asko eragiten du. Hala ere, egia da gauetan ateratzean askoz gizon gehiago aurkitu ditugula eta orokorrean oso astunak direla, baina testuinguruari erantzuten jakin behar da.

Argi eduki behar da etorri aurretik, eta baita hemen ere, gauza asko esaten direla eta gehienak kutsu arrazista nabarmeneko aurreiritziak direla. Beraz, iritzi horiek nondik datozen eta zergatik esaten diren aztertu behar dugu eta kritikoak izan. Hemen matxismoa bizi izan dut, bai, baina autodefentsa feminista oso garatua da, erantzuteko prest daude. Euskal Herrian modu batean gertatzen da modu horretan bizi garelako eta hemen testuingurua ezberdina izanda modua ere bestelakoa da.

Oraindik asko falta zaizu esperientzia hau bukatzeko, baina daramazun denbora honetan zer azpimarratuko zenuke? Zergatik da garrantzitsua Hego Amerika gure aukeretatik kanpo ez uztea?
Hasieratik, eta baita etorkizunean ere, nire ustez gehien ikasiko dudana gure pribilegioen ingurukoa da. Egia da antzekotasunak ikusi ditudala Euskal Herriko kulturaren eta Txilekoaren artean, eta hori bereziki azpimarragarria iruditzen zait, borroka, jendea eta historiaren arloan antzekotasunak daudela alegia; baina bakoitza bere testuinguruan ulertuta. Gauza guztiak birplanteatzen ditut hemen, agian Santiagoko kaleak zikin daudela deritzogu, baina zer da zikin egotea? Eredu horiek apurtzen saiatzen ari naiz, desikasten ikasi, beti esaten den bezala. Nik banekien aurretik horrelako hausnarketak ekarriko zizkidala bidaia honek, eta horregatik etorri nintzen. Naturak erakartzen ninduen, baina baita bere arima bera ezagutzeak ere. Hala ere, aurreiritzi batzuekin etortzea saihetsezina da, baina errealitatean kontrako egoerarekin egiten duzu topo, beti laguntzeko prest dagoen jende oso jatorrarekin. Oso garrantzitsua da Hego Amerika pobreziarekin lotzeari uztea eta europeozentrismotik ateratzea.

Kalera atera eta irribarre bat ateratzen zait, oso zoriontsu nago. Geratzen zaizkigun hilabeteetan oraindik bidaiatu behar dugu eta gainerako herrialdeen izaera ezagutu. Bereziki gomendatzen diot esperientzia hau bidaiatzea eta kulturetan murgiltzea gustatzen zaion edonori, beste errealitate bat ezagutzeko grina duenari.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak