→Basauri

Ez da San Fausto jairik ospatuko Basaurin, Herriko Taldeakek Udalarekin hala adostuta

Herriko Taldeaketik eta Basauriko Udaletik jakinarazi berri dutenez, aurten ez da San Fausto jairik ospatuko. “Oso erabaki gogorra izan da, baina asko hausnartu ondoren hartu dugu. Eman beharreko urratsa da. Arduratsuak izan behar dugu, oraindik ere osasun egoera oso zalantzazkoa delako eta pandemiaren eragina handia izan delako gure herrian”, diote.

“San Fausto jaiak herrikoiak izateagatik dira ezagunak. Kaleetan elkartzea eta jaiak gogoz bizitzea da sanfaustoen ezaugarri nagusietako bat. Baina, gaur egun eredu hori arriskutsua da basauriar guztientzat”, gaineratu dute. Herriko Taldeaketik adierazi dutenez, “jaitsiera, herri bazkariak eta kontzertuak bezalako ekitaldiak ezin direnez egin, eta kuadrillen lonjak ezin direnez ireki, ezinezkoa da gure jai eredu tradizionala garatzea”.

Jaietan gastatuko ez den aurrekontua (partidan 288.000 euro zeuden aurreikusita) bideratuko da koronabirusak udalerrian izandako osasun-ondorioei eta ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko gastuetara.

Herriko Taldeak eta Basauriko Udala sanfaustoak ospatuko liratekeen egunetan jai-ekitaldiren bat egiteko aukera baloratzen ari dira, “kontaktu fisikorik eta jende askorik eragin gabe, pandemiaren bilakaeraren arabera”.

Bilerak Osakidetzarekin

Azken egunotan, Udaleko eta Herriko Taldeakeko arduradunek informazio-bilerak izan dituzte Basauri-Arizko anbulatorioko Osakidetzako osasun-ordezkariekin, egungo egoera eta etorkizunerako aurreikuspenak bertatik bertara ezagutzeko.

Asier Iragorri Basauriko alkateak publikoki eskertu nahi izan dio Herriko Taldeaki erabakia hartzerakoan erakutsi duen ausardia eta ardura, “basauriarren osasuna” guztiaren gainetik jarriz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak