→Basauri

Herriko artisten eguna antolatuko dute lehen aldiz Basauriko jaietan

Urriaren 10etik 18ra bitartean izango dira aurten Basauriko jaiak. Herriko Taldeak-eko zuzendaritza batzordea dagoeneko lanean ari da eta ekintza berri bat antolatuko du: ‘Herriko Artisten Eguna’.

Anjel Collado basauriarraren bakarrizketa 2018ko sanfaustoetan // Argazkia: Geuria

2020ko sanfaustoek badute data: urriaren 10etik 18ra bitartean izango dira Basauriko jaiak. Herriko Taldeak-eko zuzendaritza batzordea dagoeneko lanean ari da aurtengo jaiak prestatzen: “Badakigu egun bizi dugun alarma-egoera dela eta, ezin dugula ziurtatu ekitaldi guztien ospakizuna, baina Herriko Taldeak-ek lanean jarraitzen du urriaren 10ean dena prest izateko”, diote.

Dena ondo bidean, ekintza berri bat antolatu dute Herriko Taldeak-etik: “2020ko San Fausto jaiei begira, proiektu berri bat sortu dugu, denboran zehar funtzionatzea eta irautea espero duguna”. Hain zuzen ere, aurten lehen aldiz ‘Herriko Artisten Eguna’ antolatuko dute. “Egun honetan, beren gaitasunak erakusteko lekurik ez duten basauriarren jarduerez bete nahi ditugu kaleak. Horrela, lagundu eta bultzada bat emango diegula uste dugu”, diote Herriko Taldeak-etik: “Antzerki, musika, magia, kale edo haurrentzako ikuskizunen bat baduzu, hori izango da zure lekua”. Herriko Artisten Eguna urriaren 11n izango da, igandez.

Ekimenean parte hartzeko interesa dutenek mezu bat bidali behar dute herrikotaldeak@gmail.com helbide elektronikora, maiatzaren 30a baino lehen. Mezuan artistak bere biografia eta jardueraren azalpena eman behar ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak