→Basauri

Jesus Renteria basauriarra hil da, Basconia eta Athleticeko jokalari ohia

Jesus Renteria Olazabal basauriarra hil zen atzo Bilbon 87 urte zituela. Basconia eta Athleticeko jokalari ohia izan zen. 1957an Basconia futbol taldean sartu zen eta hurrengo urtean, 1958an Athleticek fitxatu zuen. Sei denboraldiz izan zen zuri-gorri Renteria: Liga eta Koparen artean 68 partida jokatu zituen. 1964an Huelvako Recreativok fitxatu zuen, eta 1966an Basconiara itzuli zen bertan bere kirol ibilbideari amaiera emateko, 1969an.

Hileta meza azaroaren 17an, asteazkenez izango da Basauriko San Pedro elizan 18:30ean. 

Futbolaria baino gehiago izan zen Athleticen Jesus Renteria. Izan ere, urte askoan instalazio zuri-gorrien arduraduna izan zen Lezaman, 2002an Santi Urkiaga eskuin hegaleko atzelariari txanda eman zion arte. Hala ere, ez zion utzi erakundean ordezkaritza-lana egiteari, beteranoekin beti jardun baitzuen. Besteak beste, Renteriak Howard Kendall entrenatzaile ohiarekin adiskidetasun-harreman estua izan zuen.

Jesus Renteria, ezkerrean, Piru Gainza eta Howard Kendall futbol jokalari ohiekin // Athletic Club

Basconia futbol taldearen mendeurrenean parte hartu zuen Renteriak 2013-2014an. Hain zuzen ere, Ameba Kultur Elkarteak ekoiztutako dokumentalean parte hartu zuen Renteriak, Eusebio Galdeano, Julio Beaskoetxea, Doro Rodríguez, Iñaki Urrutxurtu, Txomin Gorostiaga, José Luis Ituño ‘El Mago’, Joserra Etxeberria, Juanfran Tolosa ‘Morocho’, Fede Saiz, Pedro José Mancisidor, Alberto Vaquero, José Luis Iragorri ‘Basora’, José Ángel Iribar, José Ignacio Azurmendi, Jon Ander Irusta, Edudogako tabernari eta Román Garcíarekin batera. 2015eko irailean Juan Renteria bere anaia hil zen, Basconia futbol taldearekin ere harreman oso estua izan zuena.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak