→Basauri

‘Dortokaren begirada’ liburu berria aurkeztuko du bihar Jon Arretxe basauriarrak, Touréren zortzigarrena

‘Dortokaren begirada’ liburuaren aurkezpena egingo dute abenduaren 2an Donostia. Era berean, Durangoko Azokan ere izango da Arretxe.

// Erein

Jon Arretxe idazle basauriarrak nobela berria argitaratu berri du: ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021). Touré detektibeari buruzko zortzigarren liburua da. Aurretik publikatu ditu: ’19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018) eta ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019).

Abenduaren 2an izango da ‘Dortokaren begirada’ liburuaren aurkezpena, Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etan. Aurkezpen ekitaldian Arretxe bera eta Uxe Razquin Ereineko editorea izango dira. Era berean, Durangoko Azokan ere izango da Arretxe: abenduaren 6an, astelehenez, solasaldia izango da berarekin Ahotsenean, 17:00etatik 17:30era.

‘Dortokaren begirada’

Bilboko San Frantzisko izan zitekeen, baina Madrilgo Lavapiés auzoa da. Bertako apartamentu batean bizi da bakar-bakarrik Toure, gure sasi detektibe ezaguna, Nafar Pirinioetako herrixka batean eta Parisen ihesi ibili ondoren.

Frantziako hiriburuan lapurtutako harribitxi batzuk ezkutatu ditu Retiro parkean, toki segurua delakoan, baina norbaitek ostu ditu. Ezkutalekuan, bitxiak ordezkatuz, dortoka bat utzi dute lapurrek, inskripzio misteriotsu batekin. Hori da Tourek duen arrasto bakarra, eta hortik tiraka saiatuko da altxorra berreskuratzen.

Ikerketa honetan ez da bakarrik egongo, baina. Sa Kene, San Frantziskoko bere lagun eta amorantea, izango du bidelagun oztopoz eta arriskuz beteriko bilaketan.

Jon Arretxek, bere ohiko estilo dinamiko eta bizia baliaturik, Toureren sagako lehenengo liburuetara garamatza, umorea berreskuratuta. Edonola ere, kontakizun poliziakotik harago, zortzigarren entrega honetan, egun ikusten diren bidegabekeriak eta gizarteko baztertuen egoera lazgarria salatuko ditu zorroztasunez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak