→Basauri

Touré detektibean oinarritutako telesail bat egiteko kontratua sinatu du Jon Arretxe basauriarrak

Jon Arretxe, benetako Tourérekin eta bere familiarekin // Jon Arretxe

Liburuetatik pantaila txikira. Salto hori emateko lehen urratsa eman du Jon Arretxe idazle basauriarrak, Touré detektibean oinarritutako telesail batean, hain zuzen. Gaur sare sozialen bitartez jakinarazi duenez, kontratua sinatu du Tourégan oinarritutako telebista-serie bat egiteko.

Arretxerekin zuzenean hitz egiteko aukera izan dugu GEURIAtik: “Espainiako ekoizle handi batekin sinatu dut kontratua, nazioartean proiektu handiak dituena. Kontratu honekin, ekoiztetxeak eskubideak ditu telesail bat egin ahal izateko, eta horretarako urte eta erdiko epea izango du lehenengo kapitulua egiteko”, dio Arretxek: “Proiektua serioa da, itxura onekoa”. Idazle basauriarrak aurreratu digu hasteko sei kapitulukoa izango litzatekeela telesaila, “bakoitza liburu batean oinarrituta”, dio. Guztira, Touréri buruzko zazpi nobela argitaratu ditu Arretxek eta adierazi digu zortzigarrena idazten dabilela. 

Telesaila gazteleraz izango litzateke, “baina aukera legoke beste hizkuntza batzuetan ere ekoizteko”, dio Arretxek. Telesaila non grabatuko ote litzatekeen galdetuta, Arretxek dio Bilboko San Frantzisko auzoan grabatzea gustatuko litzaiokeela. “Oso pozik nago. Ilusio handia egin dit hasierako kontratu hau sinatzeak. Aspalditik gogoa neukan nire nobelak pantailara eramateko. Nire betiko ametsetako bat da, baina dirutza behar da pantailara eramateko”, dio Arretxek.

dani maiz 2017 arretxe eta toure

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak