→Basauri

‘Trumoiaren alaba’ liburu berria aurkeztuko du Donostian Jon Arretxe idazle basauriarrak

12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako liburu berria argitaratu du Jon Arretxe idazle basauriarrak: ‘Trumoiaren alaba’.

Arretxeren liburu berriaren azala // Erein

Gazteei zuzendutako liburu berria kaleratu du Jon Arretxe idazle basauriarrak: ‘Trumoiaren alaba’. Abendua hasieran argitaratu zuen eta urtarrilaren 15ean aurkezpen ekitaldia egingo du Donostiako Udal Liburutegian 11:00etan. Aurkezpena streaming bidez ikusi ahal izango da. Era berean, Nerea Arrien idazle lekeitiarraren ‘Etxegabetuak’ liburua ere aurkeztuko dute ekitaldi berean.

Haur eta gazte literaturan, besteak beste, ‘Hakuna Matata’ (Labayru, 1991; Elkar, 1995), ‘Harresi Handirantz’ (Zubia-Alfaguara, 1997), ‘Lurraren taupadak’ (Zubia-Alfaguara, 2001), ‘Beti Iparralderantz’ (Erein, 2014) eta ‘Trumoiaren alaba’ (Erein, 2020) argitaratu ditu Arretxek. Horiez gain, nobela beltzak, umorezko liburuak, bidaia-nobelak edota beldurrezko kontakizunak idatzi ditu. Batzuk aipatzearren: Touré detektibearen saga (’19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018) eta ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019)), ‘Arrutiren banda’ (Erein, 2018), ‘Manila konekzioa’ (Elkar, 2003), ‘Morto vivace’ (elkar, 2007), ‘7 kolore’ (Erein, 2010), ‘Tangerko ametsak (Erein, 2011) edota ‘Ostegunak’ (Elkar, 1997), ‘Ostiralak’ (Elkar, 1999) eta ‘Larunbatak’ (Elkar, 2001). Gainera, 1994ean ‘Basauriko euskararen aztekerta linguistikoa’ tesia aurkeztu zuen idazleak.

Trumoiaren alaba

Erein, 2020

Sumatra uhartean kokatutako abentura-nobela honetan, neska nerabe bat, Batari, eta bere neba txikia, Kusuma, bakarrik geratu dira munduan hondamendi natural baten ondorioz. Ibilbide luze bat egin behar dute elkarrekin uhartean zehar harrera ona egingo dien ahaideren baten bila.

Ustekabez eta magiaz zipriztindutako istorio honetan, mila abentura eta arrisku biziko dituzte neba-arrebok eta hainbat adiskide egingo dituzte beren helburua lortzen lagunduko dietenak. Emakumeen egoera, naturaren suntsitzea, turismoaren eragina, erlijioen arteko lehiak, umeen trafikoa,mafien lana… dira azaltzen diren gaietako batzuk. Eta, bide batez,munduaren bazter ezezagun hori pixka bat ezagutzen lagunduko digu.

Jon Arretxe | Idazle eta bidaiari

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak