→Basauri

Basauriko bost Jubilatuen Etxeak berrirekiko dituzte azaroaren 22an

Arizgoiti, Kareaga, Basozelai, Pozokoetxe eta San Migeleko Jubilatuen Etxeak berrirekiko dituzte // Geuria

Pandemiaren ondorioz hilabeteak itxita egon ondoren, Basauriko Udalak berriro irekiko ditu Jubilatuen Etxeak. Azaroaren 22an, astelehenez, berrirekiko dituzte herriko bost Jubilatuen Etxeak: Arizgoiti, Kareaga, Basozelai, Pozokoetxe eta San Migel. Sei laguneko talde dinamizatzaile bat arduratuko da adineko pertsonei laguntzeaz eta aholkua emateaz, osasun-arauak, hala nola, segurtasun-distantzia eta maskarak, bete ditzaten.

Bestetik, dantzaldiei dagokienez, abenduaren 4an berrekingo diete. “Ohikoa denez, larunbat guztietan egingo dira (jaiegun diren larunbatetan izan ezik), Soloarte ikastetxean, urtarrilean, otsailean, martxoan, apirilean, urrian, azaroan eta abenduan, eta Bizkotxalde parkean, maiatzean, ekainean, uztailean eta irailean”, diote udal ordezkariek.

Azaroaren hasieran martxan jarri zituzten berriro zahartze aktiborako tailerrak jubilatuentzako udal zentroetan eta beste lokal batzuetan.

Eguneko zentro bat Sarratun

Beste alde batetik, Basauriko Udalak hiru lokal erosiko dizkio Eusko Jaurlaritzari Sarratuko etxebizitza babestuen sustapenaren etxabeetan, adineko pertsonentzat baliabide berriak sortzeko. Besteak beste, eguneko zentro bat edo beste ekipamendu soziosanitario bat jartzea da udal ordezkarien asmoa. “Aukera bat ikusi dugu lokal hauek Udaleko Gizarte Zerbitzuetara atxikitzeko, baliabide berriak sortzeko adindunentzat; hala nola eguneko zentro bat edo beste ekipamendu soziosanitario bat gure udalerrian horren handia den kolektibo honentzat. Arreta berezia merezi duen kolektibo bat da, eta eskaintzen dizkiogun prestazioak hobetzen eta zabaltzen jarraitu behar dugu”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Hiru lokalek gutxi gorabehera 600 metro karratuko azalera izango dute, eta 237.598 euroko inbertsioa egingo du Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak