→Basauri

Kareagan bide bioosasungarri bat egiteko 300.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak

Era berean, A8tik eta Ariz zubitik Basaurira sartzeko “korapiloa” asfaltatzeko lanak ordaintzeko beste 300.000 euro inbertituko ditu Udalak.

Particular de Asturias kaleko haur-parketik Kareaga Goikoa aparkalekura bidea eraikiko du Udalak // Geuria

Basauriko Udalaren osoko bilkurak soberakinetatik datozen hainbat partida ekonomiko onartu ditu apirilean. Alde batetik, Kareaga auzoan bide bioosasungarri bat egiteko 300.000 euro bideratuko ditu Udalak. Proiektu horren bidez, oinezkoentzako bide berri bat eraikiko dute Particular de Asturias kaletik, mendi-hegaletik gora, haurrentzako jolas-parkeraino. Bertatik, Karmelo Torre kaleko aparkalekura (Kareaga Goikoa ikastetxearen ondoan) arte egingo dute bidea. Oinezkoentzako bidearen amaieran gimnasia bioosasungarriko elementuak ere ezarriko dituzte.

“Proiektu horren bidez, gaur egun Particular de Asturias kaletik aisialdi- eta jolas-gunerako sarbidea hobetu nahi dugu. Era berean, inguruneko segurtasuna hobetuko da eta herritarren joan-etorriak erraztuko dira”, diote udal ordezkariek. Bide bioosasungarri hori, gainera, ibiltzeko beste aukera bat izango da, eta, beraz, Udaletik bizimodu osasungarria sustatzeko egiten ari diren urratsak ere osatzen ditu, aire zabalean jarduera fisikoa egiteko aukera emanez.

Kareaga Goikoa ikastetxerako bi sarrerak oinezkoentzako bide baten bidez kanpotik lotzea auzotarren aspaldiko eskakizuna da: “Bidea 2013an planifikatu zuten Udaleko zerbitzu teknikoek. 2015ean Asturias kaleko garajeen gaineko plaza berrurbanizatu zuten, baina bidea egitea urtez urte atzeratuz joan da. Ibilbide luzea egin dugu hau aldarrikatzen, eta behingoz aurten burutuko da obra”, diote Kareaga Auzo Elkarteko kideek.

Bestetik, A8tik eta Ariz zubitik Basaurira sartzeko errepidea asfaltatzeko lanak egingo ditu Udalak, eta horretarako 300.000 euroko inbertsioa egingo dute. “Udalerriko sarrera-irteeretako bat denez, ibilgailu astunek zein arinek asko erabiltzen duten errepide-zatia da. Denborarekin zorua hondatu egin denez, berriro asfaltatuko dugu”, diote.

Adinekoak eta gazteak

Beste alde batetik, Basauriko udalbatzak bi hitzarmen sinatzea onetsi dute gobernu-taldeak arreta berezia eskaintzen dien bi kolektiboren alde: adinekoak eta gazteak, alegia. Alde batetik, etxeTIC zentro bat martxan jartzea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatzea onartu dute. Mendekotasun-egoeran dauden adinekoen eta horien zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzen dela bermatzeko laguntza eta arreta zerbitzua da etxeTIC, eta aurreko albiste batean adierazi bezala, Bizkotxalde parkean kokatuko dute zentroa, bilketa pneumatikorako eraiki zen eraikinean.

“EtxeTIC zentroak bi zerbitzu uztartuko ditu: batetik, mendetasun-egoeran dauden pertsonak eguneko zentroan bertan artatzea, eta bestetik, mendekotasun-egoeran dauden pertsona gehiagorengana iritsiko da, etxean daudenak eta haien erreferentziazko zaintzaileak ere artatuko baititu, etxean laguntzeko eta prebenitzeko teknologien bidez, eta tarteka zentrora joanda”, dio Maria Larrinaga Gizarte Politikako zinegotziak: “Mendetasun-egoeran dauden pertsonen eta haien zaintzaz arduratzen direnen bizi-kalitatea objektiboki eta subjektiboki hobetzen dela bermatzeko laguntzak emango dira, pertsonen nahiak eta lehentasunak etxean jarraitzera bideratuta dauden bizi-proiektuak bultzatuta”.

Udalbatzak onartu duen beste hitzarmena da San Migelen alokairu baxuko beste 17 etxebizitza eraikitzea. Gaur egun Eusko Jaurlaritza mota horretako 36 etxebizitza eraikitzen ari da (zuzkidura-bizitokiak). “Horiei San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berroneratze planean aurreikusitakoak eta Azbarrenen aurreikusitakoak gehitu beharko litzaizkieke. Basauri lehentasunezko udalerria izango da bizitoki horien guztien sustapenean; horrek esan nahi du gure udalerriko bizilagunek izango dutela lehentasuna haiek eskuratzeko garaian”, dio Asier Iragorri alkateak.

“Etxebizitzarekin loturiko beste albiste bikain bat da Basaurirentzat, batez ere gazteentzat; izan ere, etxebizitza mota hori gazteei zuzendutako alokairu iragankorreko etxebizitza gisa dago pentsatuta, bost urterako alokatzeko, gazteen emantzipazioa bultzatuta. Hitzarmen honekin, gobernu-taldetik alokairuko etxebizitza babestuen herritarren eskaera gero eta handiagoari erantzuten jarraituko dugu”, dio Iragorrik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak