→Basauri

Zelangoa izan da eskolara itzulera Basauriko Kareaga Goikoa ikastetxean?

Irailaren 7an, astelehenez, ikasturte berriari ekin diote Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasle gehienek, baita Basauriko Kareaga Goikoa ikastetxean ere. Lerro bakarreko ikastetxea da, hau da, maila bakoitzeko talde bat dago eta gutxi gorabehera 200 ikasle inguru hartzen ditu, 2 urtetik 12 urtera bitartean. “Ikasleek oso pozik hasi dute ikasturte berria. Zazpi hilabetez egon dira ikastetxera etorri barik eta denbora luze horretan, seguruenik, aspertuta ibili dira eta faltan bota dute eskolako giroa. Azpimarratu nahiko genuke oso ondo irakatsita etorri direla eta ikasita zer nolako egoera berria topatuko zuten hemen ikastetxean”, dio Iñigo Arteagoitia Kareaga Goikoa ikastetxeko tutoreetako batek.

Kareaga Goikoa ikastetxeak, gainontzeko ikastetxeetan gertatu bezala, egoera berrira egokitu behar izan du: “Kareagan hartu ditugun neurriak gainerako ikastetxe guztietan hartutakoak izan direla pentsatu nahi dut. Hala nola, sarrerak banatuta, zikloka, pasilloak erdibituta, patioak ere erdibituta, hidrogela edota tenperatura neurketa sarreretan“, dio Arteagoitiak. Ikasleen arteko harremanak ere mugatuta daude egoera berri honetan: ikasgela berekoak elkarrekin soilik harremanetan daude. Burbuila taldeak esaten diete horiei.

Hargatik, ikastetxeak egindako “ahalegin guztiak” jantoki orduan “desegiten” direla aitortu du Arteagoitiak: “Izan ere, hainbat ordutan egonkorrak mantentzen ditugun taldeak pilatu egiten dira jantoki orduetan, eta hor aurretik egindako ahalegin guztiak bertan behera geratzen dira”. Hala ere, momentuz, jantokian ikasleen arteko distantziak errespetatu egiten direla adierazi du Arteagoitiak: “Jantokian bi txanda daude eta mailaka daude banatuta. Momentuz, ikasleen artean metro eta erdiko distantzia gordetzen da jantokian. Urritik aurrera, eskolak arratsaldetan ere izango direnean, ikusiko dugu egoerak zelan jarraitzen duen”.

Espazio aldetik arazorik ez Kareagan

Basauriko Udalak herriko ikastetxeetan sor daitezkeen beharrizanetarako 38 udal-instalazio eskaini ditu. Ikasleak birkokatu behar izanez gero, erabiltzeko instalazioak dira, baina Kareaga Goikoa ikastetxean ez dute horrelakorik behar: “Espazio aldetik Kareagako ikastetxean ez daukagu arazorik: hutsik eta erabili gabe dauden ikasgelak ditugu zentroan, baina espazio horiek erabili ahal izateko irakasle gehiago beharko genituzke. Hori helarazi genion Hezkuntza Sailari eskaera baten bidez, baina erantzuna ezetz borobila izan zen”, dio Arteagoitiak. Zehazki, hiru irakasle gehiago kontratatzeko eskaera egin zuten Kareaga Goikoa ikastetxetik, baina eskaera hori ezerezean gelditu da.

Ikasgela bakoitzean hogei ikasle inguru daude eta bakoitzak bere mahaia eta aulkia du. “Segurtasun distantziak mantentzeko ahaleginetan mahaiak banatu ditugu, eta ikasgela barruko espazioa handitzeko asmoz, barruan zeuden altzari batzuk pasillora atera behar izan ditugu. Gehienetan oso zaila da metro eta erdiko distantzia mantentzea, eta askotan ikasleen mahaiak gure mahaiaren gainean ditugu”, dio Diana Esnaola Kareaga Goikoa ikastetxeko LHko irakasle eta tutoreak.

Baliabide falta

“Oztoporik nagusiena Hezkuntza Sailetik bidali ez dituzten baliabideen falta da. Guretzako oso lagungarria izango zen hainbeste denbora zindagiten egon diren baliabide horiek haiekin lagunduta errazago egingo zitzaigun itzulera, baina ez denez egon laguntzarik, zailago egin zaigu”, dio Arteagoitiak: “Hala ere, gure esku egon den guztia egin dugu”.

Besteak beste, ekainean termometro bakarra jaso zuten Hezkuntza Sailetik, baina nahikoa ez zela ikusita -hainbat sarrera ditu Kareaga Goikoa ikastetxeak- gehiago erosi behar izan dituzte. “Gainera, ikasleentzako baliabide teknologikoei dagokienez, ordenagailu berriak helduko zirela esan ziguten, baina ez dira heldu. Ditugun ordenagailuak Eskola 2.0-koak dira eta asko nahiko zaharkituta daude”, dio Esnaolak: “Beste itxialdi hipotetiko bat ezarriko balute, arazoak izango genituzke, kontatu gabe ikasle batzuek ez dutela ordenagailurik etxean ezta agian Internetik ere”.

“Ikastetxeko gurasoek haien laguntza eskaini digute. Gurekin bat datozela esan digute eta edozein gauzetarako laguntzeko prest agertu dira”, dio Arteagoitiak. Orain egoera berrira egokitzen jarraituko dute Kareaga Goikoa ikastetxean, ikasleen eta irakasleen segurtasuna helburu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak