→Basauri

Hiru antzerki saio antolatu dituzte irailean Basauriko Kareagan, Kale-artisten Plazaren barruan

Kale-antzerki egitaraua antolatu du Kareagako Sorgina Kultur Elkarteak iraileko hiru igandetan. Saioak dohainik izango dira, baina izena eman behar da.

Kale-antzerki egitaraua izango da Kareagan iraileko hiru igandetan // Argazkiak: Gerardo Sanz / Ganso.info / Eidabe

Kale-antzerki egitaraua antolatu du Kareagako Sorgina Kultur Elkarteak irailean, Kale-artisten III. Plaza ekimenaren baitan. Iraileko igandeetan hiru antzerki saio izango dira Kareagako plazetan -oraindik zehazteke-: Markeliñe konpainiaren ‘Chef nature’ (irailak 5), Ganso&Cia taldearen ‘Panoli kabareta’ (irailak 12) eta Eidabe taldearen ‘Meri, Mari eta Lari’ (irailak 19). Saio guztiak 13:00etan izango dira eta euskaraz izango dira.

“Irailaren 5etik aurrera, igande eguerdietan, auzoa alaitzeko, entretenitzeko eta kulturaz gozatzeko aukera eskaini nahi diegu gure auzora bertaratzen diren basauriar guztioi”, diote Sorgina Kultur Elkarteko ordezkariek: “Hala ere, pairatzen ditugun eta gure auzoa gogor jo dituzten pandemia eta krisi ekonomikoa uneoro gogoan, arduraz egitaraua antolatu dugu. Elkar zaintzatik, osasun-neurriekin, eta prebentzio irizpideak gidatuta aurrera egingo dugu”. 

Segurtasun-neurriak mantentze aldera, ikusle kopurua mugatua izango da, beraz, lekua aldez aurretik erreserbatzeko izena eman behar dute interesdunek Kareaga Gizarte Etxean irailean, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, edota 944 666 420 telefono zenbakira deituta. Programa honek Basauriko Udalaren babesa du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak