→Basauri

Kale-Artisten Plaza “kultur proiektu sendo eta iraunkorra” izatea nahi du Sorgina Elkarteak

'Panoli Kabareta' ikuskizuna // Sorgina Kultur Elkartea

Kareagako Kale-Artisten Plaza ekimenaren hirugarren edizioari amaiera eman dio Sorgina Kultur Elkarteak. Iraileko lehen hiru igandeetan zehar kale-antzerkiak auzoko plaza “irriz eta ilusioaz” bete duela adierazi dute antolatzaileek:Jairik gabeko auzoko bisaia tristea aldarazi digute, eta nolabait, “sorgindu” gaituzte”, diote. Hain zuzen ere, Markeliñe konpainiaren ‘Chef nature’ (irailak 5), Ganso&Cia taldearen ‘Panoli kabareta’ (irailak 12) eta Eidabe taldearen ‘Meri, Mari eta Lari’ (irailak 19) Kareagako plazan kaleratu dituzte.

Auzokideek eta publikoak izan duten harrera ona ere azpimarratu dute Sorgina Kultur Elkarteko kideek: Bataz beste, 100-120 lagun bildu gara saio bakoitzean. Familia bat baino gehiago saio guztietan azaldu dira. Eserlekuen onenak nork eskuratu, dezente lehenago etorri dena ere izan da. Saio bitartean, jesarrita izanik ere, dantzan eta kantan aritu gara, musukoen azpiko irribarreak ezin ezkutatuz”, diote: “Eguraldia ere lagun izan dugu. Kale-bizitzaren areriorik zorrotzena —euria— ez da agertu, beraz, aurreikusi den moduan programa aurrera atera da”. 

Kale-ikuskizunen aldeko apustu irmoa

Sorgina Kultur Elkarteak kale-ikuskizunen aldeko “apustu irmoa” izan du, “hasieratik”, diote. 2018an sortu zuten ekimena: “Gure jaietako programan aparteko trataera izan dute, arlo hau mimoz jorratu ere”, diote. Ardatz hauekin sortu zuten ekimena: publiko guztiari eskaintzea, adin txikienetatik hasita edonor liluratzeko modukoak; eta euskarazko ikuskizunak lehenestea. “Eta bide honetan Kareaga Gizarte Etxea bidelagun izan dugu uneoro”, diote. 

Iaz, Covid-19aren pandemia dela eta ezin izan zuten Kale-Artisten Plaza antolatu, baina aurten gogotsu ekin diote, eta datorren urteari begira, “erronka berria” dutela diote Sorgina Kultur Elkartetik: Kale-Artisten Plaza kultur proiektu sendo eta iraunkorra izatea nahi dugu. Horretarako, Basauriko Udalaren Kultura arloan bere diru-partida propioa izan nahiko genuke, auzoko jaietako diru-ekarpenetik bereizitakoa”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak