→Basauri

Ehun lagun hurbildu dira Kareagara Markeliñe taldearen ‘Chef Nature’ ikustera, Basaurin

Kale-artisten Plaza ekimenaren hirugarren edizioa martxan da Kareagan, Basaurin. Atzo, irailak 5, hasiera eman zioten kultur programari: Markeliñe konpainiak ‘Chef Nature’ ikuskizuna eskaini zuen. Sorgina Kultur Elkartetik diotenez, ehun lagun inguru hurbildu ziren antzezlana ikustera: “Atzoko ekitaldia bikain atera zen. Gerizpean, asko gozatu genuen antzezlanaz”, diote antolatzaileek: “Eta berriro argi geratu da nola gaurko osasun-egoeraren larritasunaz arduratsu jokatuta ere kultur ekitaldiak antola daitezkeela. Merezi du, eta guk ere merezi dugu; kultura behar dugu eta kulturak behar gaitu”. 

Kareagako Sorgina Kultur Elkarteak hiru antzerki-saio antolatu ditu iraileko igandetan: Markeliñe konpainiaren ‘Chef nature’ antzezlanaren ondoren, Ganso&Cia taldearen ‘Panoli kabareta’ (irailak 12) eta Eidabe taldearen ‘Meri, Mari eta Lari’ (irailak 19) ikuskizunak ikusi ahal izango dira datozen igandeetan. Saio guztiak 13:00etan izango dira eta euskaraz izango dira.

Segurtasun-neurriak mantentze aldera, ikusle kopurua mugatua izango da, beraz, lekua aldez aurretik erreserbatzeko izena eman behar dute interesdunek Kareaga Gizarte Etxean irailean, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, edota 944 666 420 telefono zenbakira deituta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak