→Basauri

Kareaga auzoari buruzko herritarren multimedia digitalizatuko du Auzo Elkarteak

2022ko egutegiaren portada // Kareaga Auzo Elkartea

Kareaga Auzo Elkarteak auzoari buruzko argazkiak, bideoak eta bestelako agiriak digitalizatzeko asmoa du. Proiektuari hasiera eman zioten 2020an eta aurten ere bide horretan jarraitu nahi dute, “auzokideek emandako dokumentazioarekin eta testigantzekin auzoaren historia berreraiki eta sakondu nahian”, diote. Gauzak horrela, auzoari buruzko argazkiak, negatiboak, diapositibak, kartelak, egunkarietako ebakiak edota pelikulak bilduko dituzte aurten ere: “Ondoren, jatorrizko agiriak itzuli egingo zaizkio jabeari”, diote.

“Oroitzapenen bilketa honen bidez, gure historiaren zati bat galtzea saihestu nahi dugu, eta material hori auzoko kontakizun kolektibo bat eraikitzeko erabili. Izan ere, Kareaga auzoak aldaketa handi eta sakonak bizi izan ditu XX. mendetik hirigintzan, gizartean eta ekonomian”, diote.

2022ko egutegia, salgai

Bestetik, Kareaga Auzo Elkarteak 2022ko egutegia kaleratuko du hirugarren urtez. “2022. urteari begira, 2020an Auzo Elkartearen sorreraren 50. urteurrenean egin genuen bezala, berriz ere egutegi bat argitaratuko dugu, argazki zaharrekin egina, gure auzoaren eta bertako jendearen iragana gogora ekarriz”, diote.

“Iaz eta aurreko urtean arrakasta izan zuen ekimenak; astebete eskasean 1.000 aleak agortu ziren, eta bizilagun asko egutegirik gabe geratu zen”. Aurten, ordea, 1.200 egutegi kaleratuko dituzte. Abenduaren 17tik aurrera salgai egongo dira 2,5 euroan AAVV tabernan, Bikiak dendan, America tabernan, Goikoa tabernan eta Basauri okindegian. Auzo Elkarteko bazkideek dohainik jasoko dute egutegia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak