→Basauri

Konpondu dute Kareagako trenbide-pasabideko zuloa

Kareagako trenbide-pasabideko zuloa estali dute. Bestetik, saneamendu-sarea berritzean ari dira, besteak beste, “errepidea hondoratzeko arriskurik ez egoteko”.

oraindik ezin da tunela erabili Kareagatik Larrazabalera joateko // Argazkia: Geuria

Baskonia kaleko trenbide-pasabidean errail artean 25×12 zentrimetroko zuloa agertu zen duela hilabate batzuk. Kareaga Auzo Elkartetik orduan adierazi zutenez, “metro bat baino gehiagoko sakonera” zuen zuloak. Abuztu hasieran hasi zituzten zuloa estaltzeko eta ingurua konpontzeko obrak eta dagoeneko lan horiek amaitu dituzte: zuloa estali dute eta errepidean zeuden akatsak zuzendu dituzte. Hala ere, momentuz, ingurua hesituta dago eta oraindik ezin da tunela erabili Kareagatik Larrazabalera joateko; zabalik dago, ordea, Larrazabaletik Kareagara joateko.

Era berean, bestelako konponketa lanekin daude Baskonia kaleko trenbide-pasabidearen inguruan. Saneamendu-sarea berritzean ari dira, “sareak behar bezala funtziona dezan, eta errepidea hondoratzeko arriskurik egon ez dadin”, diote Udaletik. Lanak abuztuaren 5ean hasi zituzten eta aurreikuspenen arabera hilabeteko epean bukatuko dituzte, hau da, iraila hasierarako. Lan hauek egiteko 37.300 euro bideratu ditu Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak