→Basauri

Karmelo Torre kaleko hiri-igogailurako irtenbide tekniko bat adostuko du Udalak bizilagunekin

Iazko martxoan hiru aukera proposatu zituen Basauriko udal gobernu taldeak Karmelo Torre kaleko igogailurako // Geuria

Karmelo Torre kaleko hiri-igogailurako irtenbide tekniko bat adosteko konpromisoa hartu du Basauriko udal gobernu taldeak, abenduan onartutako agiri baten arabera. Era berean, bizilagunekin egon ondorengo fase hori gainditu eta gero, Udalak aurrekontu partida bat sortuko du eraikuntza-proiektua idazteko, “2020ko aurrekontuaren likidazioaren ondoriozko gerakinaren zati batekin”, diote udal arduradunek.

Udaletik adierazi dutenez, krisi egoerak “2021erako zeuden plan asko nahastu ditu”. “Diru-sarreren jaitsierak inbertsio partidekin oso zorrotzak izatera behartu gaitu”, diote. Hala ere, “ez diogu uko egingo herritarren egunerokotasuna hobetuko luketen inbertsioak eta lanak egiteari”, azpimarratu dute.

Karmelo Torreko igogailuaren kasuan, proiektua idatzi aurreko beste baldintzatzaile batzuek ere eragina izan dutela diote udal ordezkariek: “Aukera tekniko egingarriena lursail pribatuak dituzten etxebizitzen ingurunean kokatzen da. Beraz, Udalak bizilagunekin kudeatu beharko luke lagapena”, diote Udaleko arduradunek. Horregatik, gobernu-taldeak “ahalik eta lasterren” bildu nahi du inguru horretako bizilagunekin zein Kareaga Auzo Elkarteko ordezkariekin. Lurzoruaren jabetzaren auzia ebatzita, igogailuaren eraikuntza-proiektua idazteko aurrekontu-partida sortzeko bidea irekiko litzateke.

Oposizioaren erantzuna

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udaltaldeek zuzenketak aurkeztu zituzten 2021eko aurrekontuan txertatzeko. Hala nola, Karmelo Torre, Foruak (Kareaga Goikoa) eta Bidebietako igogailuak eraikitzeko proiektu teknikoetarako partida bat aurkeztu zuten.

“Gobernu taldeak esan zigun ez zela teknikoki baliozkoa Bizkotxaldeko hareazko parkeko obra atzeratzea eta ondoren altxortegiko gerakinarekin igogailuen eraikuntzari ekitea”, dio Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak. Alternatiba gisa, besteak beste, 2020ko ekitaldiko geldikinarekin finantzatzea proposatu zuten, “baina ezinezkoa zela esan ziguten”, dio Arrietak. Hori dela eta, ezker koalizioaren ustez, “ulertezina” da orain igogailuaren proiektua idazteko partida bat sortzea.

Elkarrekin Podemosek salatu du udal gobernu taldeak “bere gain” hartzen dituela oposizioan dauden taldeen proposamenak, “eta herritarrei propiotzat aurkezten dizkie”, dio Roberto Galdos Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak.

Foruak eta Kareaga kaleen artean igogailua eraikitzeko proiektuaren kasua desberdina dela diote udal ordezkariek. “Izan ere, Udalak jardun ahal izateko lurzoruaren antolamenduari esker, udal gobernu taldeak 35.000 euroko partida bat sartu du 2021eko aurrekontuan eraikuntza-proiektua idazteko”, diote Udaletik.

Hiru aukera

Iazko martxoan hiru aukera proposatu zituen Basauriko udal gobernu taldeak Karmelo Torre kaleko igogailurako: aukeretako bik bi igogailu eraikitzea aurreikusten dute, eta hirugarrenak igogailu bakarra. Igogailu bi proposatzen dituzten alternatibetan, aldea lehenengoaren kokapenean dago: aukeretako batean, lehenengo igogailua Karmelo Torre 21eko atzealdetik irtengo litzateke, eta bigarren aukeran, berriz, kale bereko 7. zenbakiko atzealdetik. Kasu bietan, bigarren igogailu bat egongo litzateke, auzoan gorago dagoen oinezkoen bidean. Bestalde, kasu horietan bietan, gaur egun pribatuak diren lursailetan egongo lirateke igogailuak, eta, hortaz, Udalak lagapena negoziatu beharko luke auzotarrekin.

Beste proposamenak igogailu bakarra aurreikusten du: Karmelo Torre 17, 19, 21 eta 23 atariek sortutako ezpondako patioan kokatuko litzateke, erdian geraleku bat izango luke, pasabide baten bitartez oinezkoen bidearekin lotzeko, eta begiratokiaren mendebalderaino iritsiko litzateke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak