→Basauri

Karmelo Torreko auzotarrek igogailua aldarrikatzen jarraitzen dute, oraingoan balkoietatik

Argazkiak: Kareaga Auzo Elkartea

Basauriko Karmelo Torre kaleko auzotarrek ehun bat bandera jarri dituzte euren balkoi eta leihoetan, Udalari hiri-igogailu bat bertan jartzea eskatzeko. Kareaga Auzo Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, Karmelo Torre aldapan bizi diren bizilagunen egoera “oso larria” da, ingurua irisgarria ez delako.

Auzo Elkartetik zehaztu dutenez, kaltetuak mila bat auzotar dira, baina azpimarratu dute igogailu bat eraikitzeak mesede egingo liekeela “basauriar guztiei”. Hala ere, instalazioaren eraikuntza “motelegi” doala diote. Horregatik, Udalari “lehenbailehen” jokatzeko eskatu diote, “epeak are gehiago luzatu ez daitezen”. 2019an sinadura bilketa egin zuten igogailua eraiki zezaten eskatzeko, baina protestarako neurri eta ekimen gehiago aurreikusten dituzte igogailua martxan jarri arte.

Udal arduradunek Bidebietari adierazi diotenez, eraikuntza prozesua motel doa, “erkidegoen oniritzia eta baimena behar delako azterketa geoteknikoak egin ahal izateko”. Era berean, azpimarratu dute Udalak igogailua eraikitzearen aldeko “konpromisoa” baduela, baina, halaber, auzotar batzuk azterketa geoteknikoak egiteko laginak hartzeko baimenik ez dutela eman adierazi dute udal arduradunek. “Hala ere, auzotarren baimena lortzeko lanean jarraituko dugu eta igogailua eraikitzeko bideragarria den beste aukeraren bat aztertuko dugu”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak