→Basauri

Karmelo Torreko igogailua “ahalik eta epe laburrenean” eraikitzeko zenbait irtenbide tekniko aztertuko ditu Udalak

Udal arduradunen arabera, lursailaren jabeen erkidegoek ez dute baimenik eman Udalak laginketak egiteko // Geuria

Karmelo Torreko igogailua eraikitzeko konpromisoa du Basauriko Udalak eta horretarako beste “zenbait irtenbide tekniko” aztertuko ditu. Izan ere, udal ordezkarien arabera, lursailaren jabeen erkidegoek ez dute oraindik baimenik eman Udalak laginketak egiteko: “Eraiki behar zen lursailaren jabeen erkidegoek ez dute eman beharrezkoa zen baimena Udalak lurzoruan laginketak egin ditzan, gero eraikuntza-proiektua idazteko”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak: “Hala ere, aurretik haiekin bilerak egin ditugun arren, auzokideek jakinarazi digute ez diotela baimenik ematen Udalari laginak tokian bertan egiteko”. Lursaila desjabetzea “erabat baztertzen” dutela dio Iragorrik, “desiragarria ez den giro soziala sortzea saihestu” nahi dutelako: “Gainera, sortutako gatazka auziekin betikotuko litzateke, eta horrek igogailuaren eraikuntza are gehiago atzeratuko luke”, dio.

Igogailua “ahalik eta epe laburrenean” eraikitzeko, jabeen erkidegoekin hitz egiten jarraituko dutela aurreratu du Iragorrik, laginak egiteko baimena eman dezaten. “Eta, aldi berean, beste zenbait irtenbide tekniko aztertuko ditugu. Hala ere, egia da ez dela erraza izango, orain arte aztertutako beste aukera gehienak hasieran proposatutakoaren inguru berean daudelako, eta, beraz, berriro ere auzotarren ezezkoa jaso dezakegulako, edo, bestela, irisgarritasun-arazoa erabat konpontzen ez dutelako”, dio Iragorrik.

Karmelo Torren igogailua eraikitzeko irtenbide teknikorik onena identifikatzeko bideragarritasun-azterlana egin zenean, hiru alternatiba proposatu ziren: “Egokiena izan zen, hain zuzen ere, jabekideen erkidegoen baimena jaso ez duena. Proposamen horren bidez Karmelo Torre kaleko malda handienak saihesten ziren”, dio Iragorrik. Kale horretako maldak % 19 inguruko gehienezkoa du, eta, gainera, osasun zentroa eta Erretiratuen Elkartea ondo komunikatuta geratuko ziren Karmelo Torre kaleko goialdeekin. “Beste bi aukeretan irisgarritasun-konponbidea ez zen osoa. Ez da egia , iturri batzuek adierazi duten bezala, beste proposamenetako bat kontuan hartuko ez dugunik kostu handiagoa izango lukeelako; hori errealitatetik oso urrun dago. Proposamen horrek, prezio altuena zuenak, ez zuen % 100ean konpontzen irisgarritasunaren arazoa, eta hori izan zen baztertzeko arrazoia”, argitu du Basauriko alkateak.

“Proiektua eraikitzeko gure konpromisoak bere horretan dirau, baina gure borondatearekin zerikusirik ez duten eta atzeratzen ari diren zailtasunak daude”, dio Iragorrik. Ildo horretan, gpgorarazi du aurtengo aurrekontuan 60.000 euroko diru-partida gorde dutela Karmelo Torreko igogailuaren proiektua idazteko.

Karmelo Torreko auzotarrek igogailua aldarrikatzen jarraitzen dute, oraingoan balkoietatik

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak