→Basauri

Leire eta Helena (Kiskali): “Emakumeon arazoak larriagotu eta asko agerian jarri dira pandemian zehar”

Kiskali Basauriko Gazte Talde Feministak ‘Konfinatu ezinezko ahotsak’ dokumentala egin du. Gaur, uztailak 29, aurkeztuko dute Ibaigane Kultur Etxean 18:00etan. Pandemian zehar Basauriko neska* gazteen eta emakumeen* bizipenak azaldu dituzte dokumentalean hainbat testigantzen bitartez. “Egoeraren analisi bat egiten dugu eta feministon aldarrikapenak lehen lerrora ekarri ditugu” diote. Dokumentala aurkeztu aurretik  Leire Degado (Basauri, 2001) eta Helena Perez (Basauri, 2001) Kiskaliko kideekin elkartu da GEURIA.

‘Konfinatu ezinezko ahotsak’ dokumentala sortu duzue. Nondik dator ideia?
Prozesu hau hasi genuen Euskal Herriko neska* gazteon topaketetatik bueltan. Konfinamenduagatik “Zuen normalitatea desnormalizatzera goaz” dinamika sortu zen iazko udan, eta gure ideia izan zen bideo bat argitaratzea Basauriko neska gazteok eta emakumeok konfinamenduan zehar bizi izan genituen bizipenak azaltzeko. Hortik tiraka hasi ginen eta azkenean bururatu zitzaigun dokumental bat egitea.

Zehazki zer azaldu nahi izan duzue dokumentalean?
Dokumental honetan konfinamendu garaian eta pandemian zehar Basauriko neska gazteok eta emakumeok bizi ditugun bizipenak, sentimenduak eta problematikak azaldu ditugu. Adibidez, prekarietatea, indarkeria, zaintza, hezkuntza, osasun sistema, enplegua eta beste hainbat alorretan bizitakoa landu dugu. Problematika horiei buelta eman eta analisi politiko bat egitea izan da gure asmoa.

Hainbat emakume elkarrizketatu dituzue.
Bai. Hasieran gure ideia zen neska gazteak soilik elkarrizketatzea, baina gero ikusi genuen beste adinetako emakumeak ere elkarrizketatu behar genituela. Azkenean 11 emakume elkarrizketatu ditugu, 17 eta 40 urte bitartekoak: ikasleak eta irakasleak, erizain bat, supermerkatuko langile bat, amak, motxiladun ume bat, Berdintasun arloko langile bat, emakume arrazializatu bat…

“Neskok asko daukagu esateko eta gure ahotsa isilarazten saiatu diren heinean, bizipenak eta sentipenak kontatzeko espazioa”. Horrela definitu duzue dokumentala.
Dokumentalean eta trailerrean esaten dugu neskak isilarazten saiatu direla eta hori ez da izan soilik pandemian zehar. Gu emakumeak izanda, eta gegiago gazteak izanda, ez gaituzte subjektu politikotzat hartzen, beraz, oso zaila izan da testuinguru honetan hitz egitea, ahotsa altxatzea, eta saiatu gara bizipen horiek azaleratzen.

Dokumentala grabatzeko prozesua nolakoa izan da?
Egia esan, nahiko luzea izan da prozesua. Aurreko udan hasi ginen proiektua ehuntzen, eta irailean, ikasturte hasieran hasi ginen elkarrizketekin, negura arte. Apirilean hasi ginen edizioa eta muntaiarekin. 

Uste duzue pandemiak emakumeen arazo gehiago azaleratu dituela, agian lehen ikusezinak zirenak?
Azaldu egiten dugu nola ez diren problematika berriak. Aurretik datorren krisi anizkoitz baten eraginez problematika hauek larriagotu eta asko agerian jarri dira, eta gure bizipenetatik kontatu ditugu, askotan bizipen hauek ez ditugulako politikotzat hartzen eta ez ditugulako ulertzen sistema bati erantzuten dioten zerbait bezala. 

Problematikaren bat azaltzea eskatuko banizue.
Adibidez, irakasle partikularrek bizi duten errealitatea kontatu dugu. Kontraturik gabe egiten dute lan eta gainera, egoera irregular batean, ordutegirik gabekoa. Pandemiarekin, bat-batean etxean itxi behar genuela, ezegonkortsun egoera hori nabarmendu da, haien lana desagertzeraino.
Era berean, motxiladun haur bati ere elkarrizketa egin diogu. Aita kartzelan du eta urte honetan hiru alditan soilik ikusi ahal izan du, eta espetxera joan izan denetan ez zekien ziur aita ikustera sartuko zen edo ez.
Erizain baten bizipenak ere jaso ditugu. Ospitaletan zein osasun zentroetan bizi izan zuten egoera larria. Erantzunak berehala eskatzen zizkieten osasun langileei, osasun sistema prest ez zegoenean horrelako pandemiari aurre egiteko, eta zer esanik ez, sartu behar izan dituzten lan-ordu gehiagarriak, ordaindu gabekoak. 

Pandemiak eragin dituen ondorio psikologikoei buruz hitz egin duzue dokumentalean?
Hala da. Pandemiak gazteongan ondorio psikologiko batzuk izan ditu eta adierazi dute nola gazteen suizidio-tasa asko igo dela pandemia piztu zenetik gaur egunera. Estatu mailan datu zehatzik ez dagoen arren, Katalunian adibidez, % 27ko igoera eman da 2020ko azken hiruhilekoan gazteeen suizidio saiakerei dagokienez. 

Gazteen kriminalizazioaz ere asko hitz egin da.
Gazteenganako kriminalizazioa izugarria ari da izaten. Arduragabe gisa hartu gaituzte askok, baina benetan uste dugu ez dela kontuan hartu gazteon egoera neurriak ezartzerako orduan. Pandemia honetan denok daukagu erantzukina, ez bakarrik gazteok, helduek ere bai. Uste dugu hau guzti tresna politiko bezala erabili dela, arduraren fokua beste nonbaiten kokatzeko —kasu honetan gazteongan—, eta ez benetan boterea daukaten eta erabakiak hartzen dituztenengan. 

Gaur aurkeztuko duzue ‘Konfinatu ezinezko ahotsak’ dokumentala.
Bai. Gaur 18:00etan aurkeztuko dugu dokumentala Ibaigane Kultur Etxeko areto nagusian. Edukiera muga dela eta, dokumentala ikusi nahi dutenek izena eman behar dute Kiskaliko sare sozialetan zabaldu dugun estekaren bitartez. Dokumentalean azaltzen diren emakume batzuk izango dira aurkezpenean, eta denon artean solasaldi bat egingo dugu. Galderak egiteko aukera ere izango da.

Uda ondoren dokumentalaren aurkezpen gehiago egingo dituzue?
Datorren ikasturtean dokumentala zabaltzen jarraitzeko asmoa daukagu. Oraindik ez dugu datarik zehaztuta, baina hori da gure asmoa: oporretatik bueltan dokumenatala gehiago zabaltzea. Ez dakigu plataformaren batera igoko dugun, baina argi daukagu eskuragarri jarri nahi dugula dokumentala.

Ikasturte berriari begira, zer gehiago egingo duzue Kiskalitik?
Euskal Herriko Neska* Gazteak saretik baterajotze feminista bat egiteako asmoa daukagu urriaren 8tik 10era bitartean. Bizi dugun krisi anizkoitz honen aurrean edota dokumentalean agertzen diren problematika horien aurreran erantzun kolektiboak eraikiko ditugu topaketa horretan. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak