→Basauri

Klima aldaketari lotutako ondorioak leuntzeko plan estrategikoa egin du Basauriko Udalak

Planak 2050era bitarteko helburuak ezartzen ditu, baita 2030era bitarteko sei jarduera edo ildo estrategiko ere.

2030era bitarteko sei jarduera edo ildo estrategiko ezartzen ditu planak // Geuria

Klima Aldaketaren Ondorioetara Egokitzeko udalerriko Planari hasierako onespena eman dio Basauriko Udalak. Planak 2050era bitarteko helburuak ezartzen ditu, baita 2030era bitarteko sei jarduera edo ildo estrategiko ere. Besteak beste, klima-aldaketak udalerrian dituen ondorioak leuntzeko 19 neurri jaso dituzte.

“Ildo estrategikoetan antolatutako 19 neurri horietako 12 epe laburrera ezarri nahi ditugu, 2025erako; beste batzuk martxan daude jada; eta beste batzuk laster abiatuko ditugu”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak: “Esate baterako, hiri-ortu osasuntsuen proiektua, arboladiari buruzko ordenantza, klima-aldaketara egokitu beharra txertatzea planetan, programetan eta sektorekako proiektuetan (adibidez, Adinekoentzako Hiri Adeitsuen egitasmoan), Tokiko Osasun Sarea edo hirigintzan genero-ikuspegia txertatzea”.

Epe laburrera begira, neurri hauek hartzea aurreikusten du Udalak: udalerriko natura-ekosistemak babestu eta ugaritzea, eremu libre eta berdegune berriak proiektu integral batean biltzea, URArekin batera Nerbioi ibaiaren ertzetan berroneratze ekologikoko jarduketak egiten jarraitzea, haur-parkeetan edo arbola gutxi daudenetan itzalguneak ugaritzea, ibai-eremuak lehengoratzea eta bidegorri berriak egitea antzinako Arratiko tranbiaren bidean, eraikuntzetan diseinu bioklimatikoa aplikatzea, hiri drainatze-sistema jasangarriak txertatzea, edota larrialdi-planetan irizpide klimatikoa eguneratzea eta txertatzea.

Herritarren eta gizarte-eragileen parte-hartzea, konpromisoa eta erantzukizuna sustatzea bilatuko du Udalak. “Besteak beste, klima-aldaketari aurre egiteko programak garatuko dira, arreta berezia jarriz gizartearen talde zaurgarrienei (adinekoak) eta ikastetxeei —bigarren horien kasuan, irakasleekin batera lan eginda, Eskola Agendaren bidez—”, dio Renteriak. Plana osoko bikuran eztabaidatuko du udalbatzak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak