→Basauri

EH Bilduk Basaurin kontrolik gabeko zabortegi bat garbitu du auzolanean

Jasotako zaborra leku zabal batean utzi dute eta Udalari koordenadak bidali dizkiote // EH Bildu Basauri

Kontrolik gabeko zabortegi bat garbitu dute Basauriko zenbait herritarrek asteburuan Arteagoitin, Iruaretxeta eta San Migel artean, EH Bilduk bultzatuta. Guztira 20 bat lagunek hartu zuten parte garbiketan eta 25 zabor poltsa bete zituzten eta tamaina handiko beste hainbat elementu jaso zituzten, baita “uralitazko edota PVCko materialak ere”. “Jaso genuen zaborra oztoporik egiten ez duen leku zabal batean utzi genuen, pilatuta. Koordenadak udal ordezkariei bidali dizkiogu, bertatik Garbiguneraino eramateko tresnarik ez genuelako”, dio Exabier Arrieta Basauriko EH Bilduko bozeramaileak.

Duela bi hilabete salatu zuen Basauriko EH Bilduk “kontrolik gabeko zabortegi” bat zegoela Arteagoitin. Lurralde Batzordean horren berri eman zuten eta udal gobernu taldeko ordezkariek orduan adierazi zuten garbiketa zerbitzuekoak arduratuko zirela, baina ez zela berehalakoa izango: “Garbiketa-lanak ez dira berehalakoak izango, hondakinak kentzeko hondeamakina bat behar baita”, adierazi zuten udal ordezkariek.

“Hala eta guztiz ere, oraindik berdin jarraitzen duenez, jardutea erabaki dugu. Gure artean balorazioa egin genuen eta auzolana egitea erabaki genuen, bi helbururekin: alde batetik, Lurralde Batzordean salatu ondoren, kontrolik gabeko zabortegiak berdin jarraitzen duelako; eta bestetik, herritarrak sentsibilizatzeko: ingurumena ez dago soilik Udalaren esku, gizarte osoak barneratu behar du. Ingurumena denon ardura da“, dio Exabierrek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak