☉ Basauri
Bideoa / ‘Euskal Pop-Rock’ kontzertuarekin agurtu du BATa Basauri Koral Elkarteak
Basauriko Ahots-Musika Topaketen (BAT) 47. edizioak agur esan du. Maiatzean zehar hainbat kontzertu izan dira San Pedro elizan eta Social Antzokian. Hain zuzen ere, maiatzaren 21ean ‘Euskal Pop-Rock’ kontzertua eman zuen Basauri Koral Elkarteak herriko antzokian. Duela bi urte sortutako kontzertua da, baina pandemiagatik orain arte ezin izan dute jendaurrean aurkeztu. Ikus-entzuleek oso ondo erantzun zioten kontzertuari: Social Antzokia bete-beteta egon zen eta dantzan eta kantuan ibili ziren.
Eszenatokian Koralak hainbat lagun izan zituen, hala nola, Edurre Euskal Dantza Taldea, Danbolin Txistulari Elkartea, Biarte Dantza Eskola, Manuela Eguiguren Emakume Taldea eta Herriko Taldeak. Gainera, hainbat musikarik osatutako Basque Band-a ere izan zuten ondoan: Eneko Martínez (gitarra), Fito Aguado (baxua), Iraide Bilbao (flauta eta trikitixa), Markel González (perkusioa) eta Alberto Garaio (pianoa). Era berean, herriko ume batzuek ere parte hartu zuten.
BATaz eta Basauri Koral Elkartearen 75. urteurrenaz solasaldia izan dugu Gorane Intxaurraga Basterretxea egungo kidearekin eta Rosa Mari Ugalde Rodriguez kide ohiarekin.














☉ Basauri
Euskal Pilota Egokituaren lehen txapelak Basaurin banatuko dituzte martxoaren 1ean
Jurdan Arakistain-Daniel Calviño eta Erik Gaton-Leire Esnal eta Sergio Rodriguez-Edorta de Anta eta Gaizka Fernandez-Beñat Lizaso bikoteek jokatuko dituzte Bizkaiko finalak Artunduagako frontoian

Euskal Pilota Egokituko Bizkaiko finalak Basaurin jokatuko dira martxoaren 1ean, igandez, GEURIAn aurreratu bezala.
Otsailaren 22an Mallabian kanporaketak jokatu zituzten, eta kanporaketen ondoren, pilotari hauek jokatuko dituzte finalak: Jurdan Arakistain-Daniel Calviño eta Erik Gaton-Leire Esnal (adimen urritasun maila); eta Sergio Rodriguez-Edorta de Anta eta Gaizka Fernandez-Beñat Lizaso (urritasun fisikoa maila).
Artunduagako frontoian jokatuko dituzte finalak 12:00etan hasita. ETB1ek zuzenean emango ditu finalak.
Bizkaiko finaletako aurkezpena egin zuten otsailaren 24an Basauriko udaletxeko arkupean, eta bertan izan ziren finalistak, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Alvaro Parro Laboral Kutxako ordezkaria, Borja Bayo Haszteneko ordezkaria [irakurri hemen GEURIAn duela urtebete egin genion elkarrizketa!] eta Ane Reguera Gorabide Zentroko ordezkaria.
“Basaurik beti lagundu du eta lagunduko du kirol egokitua, gainera, herrian badira kirol egokitua lantzen duten taldeak eta ekimen berri honekin, pala egokituaren aldeko apustu sendo bat egiten dugu, Euskal Pilota Egokitua Zirkuitoa-EITB sari hau babestu”, dio Iragorrik.
☉ Basauri
Basaurik 2 milioi gehiago gehituko ditu gerakinera: guztira 14 milioi
Gobernu taldeak azaldu duenez, “auzoak, udal-instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko” balioko du 14 milioiko gerakinak

Basauriko Udalak 28,1 milioi euroko diruzaintzako gerakinarekin itxi du 2025eko ekitaldia.
Hala ere, zenbateko horri aurtengo kontuetan borondatezko zenbatekoak kendu behar zaizkiola azaldu dute udal ordezkariek; “gutxi gorabehera, 14,1 milioi euro”, diote udal arduradunek.
Gauzak horrela, 14 milioi eurokoa izango da Udalak erabilgarri izango duen gerakina.
“Aurreko urteetan jarraitutako kontabilitate-irizpidearen arabera, zifra horietan sartzen da 2025eko Udalkutxa funtsen likidazioaren saldo positiboa, 920.596 eurokoa”, zehaztu dute.
Basauriko udal gobernu taldeak azaldu duenez, “soberakin horrek auzo eta espazio publikoetako beharrei erantzuten lagunduko die, baita herritarrek erabiltzen dituzten udal-instalazioak eta -ekipamenduak hobetzen eta basauriarrei eskainitako zerbitzuak, laguntzak eta prestazioak areagotzen eta sendotzen ere”, diote.
☉ Basauri
San Migeleko Auzo Elkarteak 800 sinadura jaso ditu lanzadera udaletxean ere gelditzea eskatzeko
Basauriko Udalak San Migeleko Auzo Elkartearen alegazioak aztertuko ditu eta Aste Santuko oporrak baino lehen beste bilera bat deituko dute

San Migel eta Basauriko metro geltokia lotzen dituen lanzaderak zerbitzu berria du urtarrilaren 1etik: udaletxeko geltokia Kareagara lekuz aldatu dute eta maiztasuna 30 minuturik behinekoa da.
2025eko abenduaren 31ra arte doako autobus zerbitzua udaletxe aurrean gelditzen zen, Basozelai metro geltokian sartzeko aukera emanez, eta maiztasuna 20 minutukoa zen.
Orain, Bidasoa sarbidea du helburu lanzaderak. Udaletik eman duten arrazoia da Kareagako metro sarbidea (Bidasoa) udaletxekoa baino irisgarriagoa dela. Izan ere, udaletxeko sarbideak (Basozelai) ez du igogailurik, eta Bidasoako sarbideak arrapala du, eskailerarik gabe.
Erabaki horrek, ordea, ez ditu San Migeleko herritarrak pozik utzi, eta Auzo Elkarteak 800 sinadura bildu eta aurkeztu ditu udal erregistroan, udaletxeko geltokiak mantentzea eskatzeko.
“Geltoki aldaketaren ondorioz, zerbitzuaren maiztasuna % 30 murriztu da aurrekoarekin alderatuta. Gainera, orain zerbitzua 06:05ean hasten denez, lanzadera erabiltzen duten auzokideak ez dira euren lanpostuetara garaiz heltzen, metroarekiko lotura ez dutelako garaiz ere hartzen”, diote Auzo Elkarteko ordezkariek.
Era berean, auzotarren ordezkariek adierazi dute Bizkaibuseko autobusek Kareaga Goikoan duten igarotze-maiztasuna udaletxean dutenaren erdia dela.
San Migeleko Auzo Elkarteko kideak udal ordezkariekin bilera izan zuten otsailaren 13an. Batzar horretan udal arduradunek esan zuten alegazio horiek aztertuko dituztela, eta Aste Santuko oporrak baino lehen beste bilera batera deituko dituztela Auzo Elkartekoak.
Udaletxeko eta Kareaga Goikoako bi geltokiak 06:00etatik 08:00etara bitartean —erabilera handieneko ordutegian— mantentzearen eta jaietan zerbitzua bi geltokietan indartzearen bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du Udalak.
“Auzo elkarte gisa, lanzaderak egun osoan zehar udaletxeko geltokiak mantentzeko eskaerari eusten diogu”, adierazi dute.
Lanzadera kendu; Bizkaibusek bere gain hartu
Udaleko arduradunek adierazi dutenez, lanzaderaren geltokia aldatzeko erabakia “talde politiko baten idazkiak” eragin zuen: “Bertan eskatzen zen lanzaderak geldialdia mugikortasun urriko pertsonentzako sarbidea duen metro-aho baten ondoan egin behar duela”.
Halaber, gogorarazi dute lanzaderaren erabilera San Migeleko bizilagunak metroko geltokira hurbiltzeko dela, eta lanzadera-zerbitzua bera ezabatu egingo dela Bizkaibusek kontratu hori bere gain hartzen duenean eta mugikortasun integraleko sistema baten barruan sartzen duenean, kostua zeroan mantenduz.
☉ Basauri
Forum Sporteko langileek elkarretaratzea egin dute Basauriko dendan “hitzarmen propio bat” eskatzeko
ELA sindikatuaren arabera, “behin baino gehiagotan” proposatu diote Forumeko zuzendaritzari hobekuntzak negoziatzea. “Hala ere, ez dute negoziatu nahi Estatuko esparrutik ateratzen den ezer”, diote

Forum Sporteko langileek elkarretaratzea egin dute Bilbondoko dendaren aurrean, “hitzarmen propio bat” aldarrikatzeko.
Guztira 45 langile atera ziren kalera otsailaren 24an, “Hemen lan egin, hemen erabaki” lema zeraman pankarta eskuan.
ELA sindikatuko ordezkariek adierazi dutenez, Forum Sporten Biltegi Handien Estatuko Hitzarmena aplikatzen dute: “Horren arabera, gutxieneko soldatara ez dira iristen, eta urteko lanaldia 1.770 ordukoa da, besteak beste”, salatu dute ELAtik.
Sindikatuaren arabera, “behin baino gehiagotan” proposatu dio plantillak, enpresa batzordearen bitartez (ELAk du gehiengo osoa), Forumeko zuzendaritzari tokian-tokian hobekuntzak negoziatzea. “Hala ere, Forumeko zuzendaritzak ez du negoziatu nahi Estatuko esparrutik ateratzen den ezer”, diote.
“Langileek argi dute Forumek eseri eta baldintza duinak negoziatu behar dituela. Horregatik guztiagatik, zuzendaritzak iritziz aldatzen ez badu, langileek beren baldintzak hobetzeko presioan sakonduko dute”, adierazi dute ELAtik.
☉ Basauri
Zurrumurru arrazisten aurkako doako prestakuntza-zikloa antolatu dute martxoan Basaurin
Hiru saio antolatu dituzte martxoaren 2an, 9an eta 16an. Parte hartzea doakoa da, baina aurretiaz izena eman behar da

Martxoaren 21ean Arraza-diskriminazioaren aurkako nazioarteko eguna da, eta testuinguru horretan Zurrumurruen aurkako prestakuntza-zikloa antolatu dute hilabete osoan zehar Basaurin Zurrumurruen Aurkako Sareak eta Basauriko Udalak.
Hiru saio izango dira eta adituen eskutik arrazakeriak gure gizartean nola jokatzen duen eta nola aurre egin ahal zaion ulertzen lagunduko dute.
Martxoaren 2an ‘Arrazakeria eta kultura: nola funtzionatzen dute egunerokotasunean’ hitzaldia izango da. Mikel Henda filosofian doktorea, irakaslea eta arrazakeriaren aurkako aktibista izango da hizlaria.
Bigarren saioa martxoaren 9an izango da. Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek ‘Kulturarteko taldeetan bizitzeko gakoak eta gogoetak’ partekatuko dituzte.
Eta hirugarren hitzaldia hilaren 16an izango da: ‘Diskurtso diskriminatzaileen aurrean kokatzeko tresnak’. Emilia Larrondo ikertzaile eta ekintzaile feminista mexikarra izango da hizlaria.
“Egunerokotasunetik, arrazakeriari banaka zein taldeka aurre egiteko modu desberdinak aztertuko ditugu, Basaurin dugun bizikidetza zaindu ahal izateko”, adierazi dute Zurrumurruen Aurkako Saretik.
Hiru saioak Basozelai Gizarte Etxean izango dira 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzea doakoa da, baina interesa dutenek izena eman behar dute aurretiaz amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 606 050 662 telefono zenbakira deituta.
Haurtzaindegi zerbitzua egongo da, eta behar dutenek saioa baino astebete lehenago eskatu beharko dute.










