→Basauri

Basaurin makro jaialdi bat egiteko asmoa baieztatu, baina proiektua baztertu du Udalak

basauri basconia fabrika 2017 larrazabal kalea
La Basconiako lursailak / Geuria

GEURIAk hainbat iturriren bidez jakin ahal izan duenez, Mad Cool musika jaialdiaren sustatzaileetako batek hilabeteak daramatza lanean 2022ko irailaren hasieran Basaurin makro jaialdi bat egiteko. Albistea argitaratu eta ordu batzuetara, Basauriko Udalak prentsa ohar bidez onartu du proiektua mahai-gainean izan dutela, baina baztertu dutela. Egia da jaialdi bateko sustatzaileetako bat Udalarekin harremanetan jarri dela bere asmoak aurkezten, “La Basconiako fabrika zaharraren eremuan musika-ekitaldien eta bestelako kultura-jardueren proiektu iraunkor bat garatzeko ideia”, alegia.

“Basauriren eta bizilagunen interesa babesteko asmoz, proposamen hau sakon baloratu dugu. Besteak beste, sor dezakeen enpleguaren bolumena edo udalerrian jarraitzeko bokazioa baloratu dugu. Hala eta guztiz ere, urtean behin baino gehiagotan ondoko etxebizitza inguruetan zaratak sortzea edo irisgarritasunean, mugikortasunean eta herritarren segurtasunean sor litezkeen zailtasunak direla eta, La Basconiako lursailean proiektu hori gauzatzea baztertu dugu”, azaldu dute udal ordezkariek: “Era berean, kontuan hartu ditugu kutsatuta egon daitekeen lurzoru horretan jarduera mota hori garatzeko eska daitezkeen ingurumen-eskakizunak ere”.

GEURIAk goizean goiz argitaratutako albisteak dioenez, milaka pertsona biltzeko gaitasuna du proiektuak. Are gehiago, Udalak oharraren bidez zehaztu du “urtean bost kontzertu handi egiteko proposamena” jaso dutela, baina baztertu dutela, erabakiaren data zehatzik eman barik.

La Basconiako lursailari emango zaion erabilera Basauriren etorkizunerako “funtsezkoa” dela diote udal arduradunek: “Basauriko Udalak zehatz-mehatz aztertuko du erantzukizunez, zorroztasunez eta epe luzerako ikuspegiz heltzen zaion edozein proposamen, basauriatarren ongizatea eta aurrerapena defendatuz bere kudeaketaren helburu bakar gisa”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak