→Basauri

Hiri-hondakinak gaika biltzeko Lapatzako transferentzia-gunea eraikitzeko obrak esleitu ditu Basauriko Udalak

Industrialdeetan, eraikin publikoetan edota ekitaldietan jasotako hondakinak instalazio berri horietan aldi baterako biltegiratuko dituzte, tratamendu-gunera bidali arte.

Tratamendu-gunea Araztoi eta Lapatza kaleen artean eraikiko dute // Geuria

Lapatza auzoan hiri-hondakinen transferentzia-gune bat eraikitzeko obrak esleitu ditu dagoeneko Basauriko Udalak. Transferentzia-gunearen helburua izango da gaikako bilketa hobetzea, eta horretarako industrialdeetan, jarduera ekonomikoetan, eraikin publikoetan edota ekitaldietan jasotako hondakinak instalazio berri horietan aldi baterako biltegiratuko dituzte, “tratamendu-gunera edo kudeatzaile baimenduaren instalazioetara bidali arte”, diote udal ordezkariek. “Birziklapena sustatuko da industrialdeetan hondakin asko sortzen duten enpresen artean, bilketa atez ate egingo delako eta enpresek ez dituztelako hondakinak edukiontzietan utzi beharko. Ondorioz, hondakin-bolumen handiagoa bilduko da jarduera produktibo horietan. Atez ate bilduko dira ere udalerriko arrandegietako hondakinak, eta azpiegitura berrira eramango dira, ondoren balorizatuak izateko (irin, arrain olio… bihurtzeko tratamendua)”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen arloetako ordezkariak.

Obrak Excavaciones Basauri S.L. enpresak burutuko ditu 151.026 eurorengatik. Behin lanak hasita, bi hilabeteko epean amaituko dituzte. Transferentzia-gunea eraikiko da Lapatza industrialdearen aparkalekuan, Araztoi eta Lapatza kaleen artean, eta bi metroko altuerako perimetro-horma bat eta 6 metroko luzerako ate gidaridun bat izango ditu. Azpiegitura berriak kamioien etengabeko joan-etorria eragingo duenez, Udalak berrurbanizatu egingo du Araztoi eta Lapatza kaleen espaloien zati bat hormigoi inprimatu bidez. Obraren ardatz nagusiak izango dira azpiegituraren obra zibila egitea, hura martxan jartzeko behar diren hiri-zerbitzuen exekuzioa eta instalazioaren zati bat estalkiz estaltzea, ondoren ipiniko diren trinkogailuak, edukiontziak eta arrain-hondakinetarako hotz-ganbera babesteko. Bai trinkogailuak bai hotz-ganbera estalpean egongo dira.

“Azpiegitura berriaren helburua izango da txikitzea bai emisioak bai hondakinen garraioaren kostua, transferentzia-guneari esker optimizatu egingo baita kamioien joan-etorri kopurua, aldi bakoitzean garraiatutako kantitatea maximizatuta. Hori guztia, gaikako bilketa zabaltzeko egungo ereduari dagokionez, Europak 2025. urteari begira hiri-hondakinen bilketan finkatu dituen helburuak betetzeko”, dio Renteriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak