→Basauri

Lapatzako hiri-hondakinen transferentzia-gunea eraikitzeko lanak hasi dituzte, Basaurin

Industrialdeetan, jarduera ekonomikoetan, eraikin publikoetan edota ekitaldietan atez ate jasotako hondakinak instalazio berri horretan aldi baterako biltegiratuko dituzte.

Transferentzia-gunea eraikiko dute Lapatza industrialdearen aparkalekuan, Araztoi eta Lapatza kaleen artean // Geuria

Lapatzan hiri-hondakinen transferentzia-gunea eraikitzeko obrak hasi ditu Excavaciones Basauri S.L. enpresak eta bi hilabete eta erdiz luzatuko dira. Transferentzia-gunearen helburua izango da gaikako bilketa hobetzea, eta horretarako industrialdeetan, jarduera ekonomikoetan, eraikin publikoetan edota ekitaldietan atez ate jasotako hondakinak instalazio berri horretan aldi baterako biltegiratuko dituzte, “tratamendu-gunera edo kudeatzaile baimenduaren instalazioetara bidali arte”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza eta Ingurumeneko ordezkariak.

Transferentzia-gunea eraikiko dute Lapatza industrialdearen aparkalekuan, Araztoi eta Lapatza kaleen artean, eta bi metroko altuerako perimetro-horma bat eta sei metroko luzerako ate gidaridun bat izango ditu. Azpiegitura berriak kamioien etengabeko joan-etorria eragingo duenez, berrurbanizatu egingo da Araztoi eta Lapatza kaleen espaloien zati bat, hormigoi inprimatu bidez. Udalak 151.026 eurorengatik esleitu ditu lanak. Obraren ardatz nagusiak izango dira azpiegituraren obra zibila egitea, hura martxan jartzeko behar diren hiri-zerbitzuen exekuzioa eta instalazioaren zati bat estalkiz estaltzea, ondoren ipiniko diren trinkogailuak, edukiontziak eta arrain-hondakinetarako hotz-ganbera babesteko. “Bai trinkogailuak bai hotz-ganbera estalpean egongo dira”, dio Renteriak. 

“Birziklapena sustatuko da industrialdeetan hondakin asko sortzen duten enpresen artean, bilketa atez ate egingo delako eta enpresek ez dituztelako hondakinak edukiontzietan utzi beharko. Ondorioz, hondakin-bolumen handiagoa bilduko da jarduera produktibo horietan. Atez ate bilduko dira ere udalerriko arrandegietako hondakinak, eta azpiegitura berrira eramango dira, ondoren balorizatuak izateko (irin, arrain olio… bihurtzeko tratamendua)”, dio Renteriak: “Azpiegitura berriaren helburua izango da txikitzea bai emisioak bai hondakinen garraioaren kostua, transferentzia-guneari esker optimizatu egingo baita kamioien joan-etorri kopurua, aldi bakoitzean garraiatutako kantitatea maximizatuta. Hori guztia, gaikako bilketa zabaltzeko egungo ereduari dagokionez, Europak 2025. urteari begira hiri-hondakinen bilketan finkatu dituen helburuak betetzeko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak