→Basauri

Basauriko lehen herri-galdeketa babestu eta Udal Legea indartu du Gorenaren ebazpenak

Pozokoetxeko Kultur Etxean, 2017ko bozketa egunean / Bidebieta

Basauriko hirigintza proiektu nagusiaren inguruan herri kontsulta deitu zuen Basauriko Udalak 2016ko irailaren 25ean, Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeak izan ziren egun berean. 2016/2 Udal Legearen 82. artikulua baliatu zuen Udalak, Ministroen Kontseiluari baimenik eman gabe herri-kontsulta posible egiten duen bidea. Onartu berria zen Lege hau erabilita EAEn egindako lehen galdeketa izan zen Basaurikoa. Herritarrak deituta zeuden bertan parte hartzera, baina galdeketa bideratzeko modua legez kanpokoa izan zela argudiatuz kautelazko etendura eskatu zuen Espainiako Abokatutzak.

Espainiako Ministro Kontseiluari baimena eskatu behar zion Udalak herri-kontsulta egin ahal izateko, eta orduan bai, baimena eman zuen 2016ko abenduaren 17an egin zedin. Bi urte eta erdi ondoren, Auzitegi Gorenak ebazpena plazaratu du: Gorenak esan du herri kontsultak egin daitezkeela EAEko Udal Legeak zehazten duen moduan, hortaz, ez da beharrezkoa Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluari aldez aurretik baimenik eskatzea.

6.051 herritarrek eman zuten botoa // Bidebieta

EAJren eta EH Bilduren arteko akordio baten ondorioz aurrera eraman zuten galdeketaren prozeduraren kontra agertu ziren orduan PSE, Elkarrekin Podemos-Basauri Bai eta PP. Gorenaren ebazpenaren harira, Gorenak udalerrietan kontsultak egiteko Espainiako Gobernuaren baimenik behar ez izatea esatean, Udal Legea indartu dela uste du EH Bilduk: “Udal Legea bera indartzen du, hasieratik defendatu genuen moduan. Hasieran zehaztu bezala egin zitekeen galdeketa, Ministroen Kontseiluari baimenik eskatu barik”, dio Exabier Arrietak, Basauriko ezker subiranistako ordezkariak.

Basauriko Udala bera ere pozik agertu da Auzitegi Gorenak ez duelako onartu Espainiako Abokatutzaren helegitea, arrazoia ematen diolako Udalaren prozedurari eta Gorenaren ebazpen horrek doktrina ezartzen duelako aurrerantzean egin daitezkeen herri-galdeketeei begira. “Herria eta bere eskubideak indartzen dituen erabaki bat da, Euskadin aitzindaria izan dena eta Basaurik lortu duena, auzitegi guztietatik pasa ondoren”, Andoni Busquet Basauriko jarduneko alkateak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak