→Basauri

Leire Palacios: “Euskaldunon begietatik herrialde ezberdinak bizitzeko begiradak dira Munduko Plazak”

Leire Palacios basauriarrak telebistara salto egin du ‘Munduko Plazan’ saioarekin. Irailaren 9an estreinatuko dute ETB1en.

Leire Palacios Istanbulen, programaren lehen atalean // Argazkia: Eitb

Hamar urte baino gehiago dira Leire Palacios Egiguren (Basauri, 1986) basauriarra EiTBn lanean sartu zenetik. Albistegiak, webgunea, gidoilari lanak, irratsaioetako ahotsa… hamaika lan egin ditu Leirek EiTBn, eta oraingoan telebistara salto egingo du. ‘Munduko Plazan’ saioa aurkeztuko du ETB1en. Bidaia saio berria da eta irailaren 9an estreinatuko dute (ostegunero ETB1en, 22:20an). Elkarrizketak eta bidaia planak sartuko dituzte kokteleran, eta adierazi dutenez, “musikek presentzia oso nabarmena izango dute”. Istambul, Mexiko Hiria, Zurich eta Basilean, Atenas, Lisboa, Varsovia eta Krakovia bisitatu dituzte Leirek eta bere lantaldeak. Programa estreinatzen den egunean berarekin hitz egin dugu GEURIAn.

Irailaren 9an estreinatuko da ‘Munduko Plazan’ ETB1en eta zu aurkezle ikusiko zaitugu.
Hiru urte daramat PuntuEus Fundazioan lanean eta Euskadi Irratian ‘Sarean’ irratsaioa egiten. Aurten seigarren denboraldia egingo dugu eta gainera, hain zuzen, irailaren 9an hasiko gara baita ere lanean, justu ‘Munduko Plazan’ estreinatuko den egun eta ia-ia ordu berean! Kuriosoa da zenbat aukera dituzun Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan aldi berean programa bat egiten egoteko eta zure burua kontraprogramatzeko. Lortu dut! Ordutegi berdinean nago irratian eta telebistan, ia-ia.

Argazkia: EiTB

Gogoratzen duzu noiz proposatu zizuten ‘Munduko Plazan’ aurkezteko ideia?
Lanean nengoen egun batez, Gernikan, Zinematik ekitaldian (Musika Bulegoak eta Forbidden Colours diskografiak antolatuta), eta bertan parte hartu zuen Larraitz Zuazo zinema zuzendariak. Iñaki Gorizelaiarekin batera ‘Bai, bagara’ dokumentala egin zuen, eta kontua izan zen ‘Munduko Plazan’ proiektu hau mahai gainean zegoela eta Larraitzekin jarri zirela harremanetan proiektua aurrera ateratzeko. Aurkezle bat behar zuten, eta Ane Rotaetxe programaren zuzendariarekin batera nire izena jarri zuten mahai gainean (Ane duela urte batzuetatik ezagutzen dut). Biei iruditu zitzaien ideia ona zela eta justu momentu horretan Larraitz oso haurdun zegoen; horren haurdun telefonoz deitu zidanean erditzen zegoela! Orduan proposatu zidaten.

Zelan hartu zenuen ‘Munduko Plazan’ aurkezteko erronka?
Egia esan ilusioa egin zidan nirekin gogoratu zirelako. Ez nuen espero, baina proposatu zidanean eta zein formatutan izango zen azaldu zidanean asko gustatu zitzaidan eta erronka onartu nuen. Gainera, pandemia garaian; izan ere bidaiatzen hasi ginen maiatzean, pandemia bete-betean zegoela eta deskonfinatzen hasiak ginela, baina oraindik kontu perimetralak indarrean zeudela… Munduan zehar bidaiatzeko aukera izatea, oso zortekoa nintzela iruditu zitzaidan, eta nire konfort zonatik ateratzeko aukera ikaragarria zela.
Bestetik, esan behar dut hegazkinetan montatzeko fobia daukadala eta horrek ere pisu handia eduki zuen. Asko kostatu zitzaidan, nahiz eta profesionalki oso argi ikusi, emozionalki asko kostatuko zitzaidala. Lehenengo hegazkinean negarrez montatu nintzen, bigarrenean ere bai, baina gaur egun esan dezaket fobia apur bat kontrolatuta daukadala. Hogei hegazkin inguru hartu ditut dagoeneko!

Irratia eta paperezkoa egin duzu, baina telebistan ez zaitugu asko ikusi.
EiTBn 2009an hasi nintzen lanean. Urteak aurrera doaz, gauzak egiten zoaz, baina ez nuen sekula buruan telebista saio bat aurkeztea. Ez nuen pentsatzen aukera hori helduko zitzaidala. Iruditzen zait salto logikoa ere badela: azkenean kazetaritzan, nik uste dut nahiko zortekoak garela, hainbat istorio ezagutzeko aukera daukagulako, baita hainbat formatutan ibiltzeko aukera daukagulako ere. Eta formatu horietan guztietan trebatu ahal izateak aukera politak ematen dizkigu gure burua ere frogan jartzeko eta gure buruari ikasketa-prozesuan etengabe mantentzeko. 

Pandemia bete-betean, zailatasunik topatu zenituzten programa aurrera eramateko?
Gure helburua momentu oro “normalitate bat” ematea izan da. Hau da, herrialde askok trabak jarri dizkigute sartzeko, baina sartu gara sartu ahal izan garen horietan, eta joan garen herrialde guztietatik baten herrialdea konfinatuta topatu genuen. Guk aldez aurretik planning-a egin eta jada bertan geundela, aurreko egunean konfinatu zuten herrialdea. Saiatu gara ahalik eta normaltasun handiena ematen, bai herrialdearen irudi aldetik bai gure protagonisten irudia aldetik ere. Azken batean beraiek dira herriak edo munduko plazak bizi dituztenak.

Protagonistei dagokienez, zein perfil elkarrizketatu dituzu?
Euskal Herriko herritarrak elkarrizketatu ditugu, baina ez dugu nostalgiaz begiratzen Euskal Herria. Edozein arrazoirengatik kanpora bizitzera joan direnak dira protagonistak: herrialde horietan bizi dira eta ondo bizi ere! Hau da, gehienak bertan jada errotuta daude edo ikasketak ari dira egiten bertan… Nolabait herrialde horiek bizi egiten dituzten herritarrak elkarrizketatu ditugu. Herrialde horiek ezagutarazi dizkigute eta euren bizitzak ezagutzeko aukera izan dugu. 

Hego Uribe eskualdeko norbaitekin topo egin duzu?
Pila bat pertsona elkarrizketatu ditugu, eta esango nuke Galdakaoko bat elkarrizketatu dugula. Pentsa, programa bakoitzean bost pertsona baino gehiago izan ditugu! Bilboko, Durangoko, Larrabetzuko edota Galdakaoko pertsonekin egin dut topo.

Instagram-era ere salto egingo duzue.
Bizitza horietaz eta kontatu digutenaz aparte, Instagramerako eta sare sozialetarako pilula batzuk aterako ditugu azaltzeko herrialde bakoitzean egin daitezkeen planak: izozkiak jatea, kafea hartzea, museo bat… Bidaiatzeko gako batzuk ere ematen ditugu, baina, era berean, bertan bizi diren euskaldunek herrialde hori nola bizi duten ezagutu nahi genuen: euskaldunen begietatik herrialde bakoitza ezagutzeko beste begirada bat, alegia.

Musikak ere garrantzia omen du programan.
Programa telebistarako da, baina oso kontziente gara aro digitalean bete-betan gaudela. Erabili dira pantailan erabiltzeko hainbat formula, eta musikak, adibidez, abesti bat jarrita dagoenean, abesti hori zein den eta norena den pantailan ikus daiteke. Eta herrialde bakoitzean saiatu gara herrialde hartako musikarien edo lotura daukan zeozer ateratzen. Beste nazioetako zein Euskal Herriko musikariak entzungo ditugu. Orduan, alde horretatik soinu bandak inguratzen ditu atalak.

‘Munduko Plazan’ grabatzen ari zinela, anekdotarik gogoan daukazu?
Asko gertatu zaizkigu, egia esan. Bat kontatzearren, Grezian gertatutako bat kontatuko dizut. Atenasen Akropolira joan ginen. Ez zegoen jende asko eta bertan grabatu nahi genuen. Kontua da Akropolian grabatzeko baimenak eskatu behar direla. Guk plangintza eginda genuen, baina lokalizazio batzuk ez genituen erabat itxita. Azkenean lortu genuen Akropolira joatea eta bertan grabatzea. Orduan, ari ginenez apur bat “de extranjis” grabatzen, ni urduri nengoen sergutasun langile asko zegoelako. Bada, plano orokor bat ari ginen grabatzen, eta oinez ari nintzela sandalian sartu zitzaidan harri bat. Harria hartu nuen eta jarraitu genuen planoa egiten (ez dakit programan agertuko den; kar, kar, kar) harria eskuan neukala. Amaitu genuenean plano hori grabatzen, lantaldea banku batean eserita zegoen eta banku horretan nire poltsoa zegoen, irekita, eta nik harria poltso horren gainean jarri nuen. Halako batean, segurtasun langile bat dator eta esaten digu: “Norbaitek hartu baldin badu harriren bat, jakin dezala hau ez dela legala”, eta noski, elkarri begiratu genuen pentsatuz: “Aizue, zer gertatu da?”, konturatu nintzen arte ni nintzela. Orduan harritxo hori bota nuen. Baina, pentsa, hortik aurrera etorri ziren adarjotzeak, saiatu nintzela Akropoliko harri bat lapurtzen, kartzela zigorra izango nuela…

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak